Ekitaldiak bihar bertan hasiko dira, Gure parte hartze politikoa aztertzen: oztopoak identifikatuz, estrategia feministak eraikitzen deritzon tailerrarekin. Aldez aurretik eman beharko da izena: 943 79 41 39 edo emakumetxokoa@arrasate.eus.
Astelehenean, martxoak 7, Justine Masika Bihambak, Kongoko Errepublika Demokratikoko genero indarkeriaren aurkako plataforma bateko kideak, solasaldia eskainiko du Kulturateko areto nagusian, 19:00etan; gaztelaniaz izango da. Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, manifestazioa irtengo da Seber Altube Plazatik, 19:30ean. Martxoaren 10ean Ama txarren kluba izeneko hitzaldia egongo da Kulturateko Jokin Zaitegi gelan (18:30): "Ilusioz eta umorez amatasunean bizi dugun ezinegonez, zalantzez eta kontraesanez mintzatuko gara", adierazi dute antolatzaileek.
Hilaren 12an, egun osoko plana
Martxoaren 12an emakume artisau eta baserritarren azoka egingo da goizetik eguerdira bitartean Seber Altube plazan. Ondoren, 15:00etan hasita, bazkari feminista egingo dute Jai Zale elkartean; bazkarian izena emateko azken eguna da martxoaren 9a, Ekin elkartearen egoitzan edo Emakume Txokoan. Afariaren prezioa da 15 euro –8 euro ikasle edo langabetuendako. Eguna borobiltzeko, Virginia Imazen Sex o no sex antzezlana ikusteko aukera egongo da Kulturateko areto nagusian (20:00); gaztelaniaz izango da.
Martxoaren 16rako beste hitzaldi interesgarri bat antolatu dute leku berean (19:00): Aportes del zapatismo al feminismo. Sylvia Marcos ekintzaile feminista mexikarra eta Itziar Gandarias izango dira hizlariak; gaztelaniaz izango da.
Egitaraua borobiltzeko, Zinegoak Hedapena 2016 ekimeneko film laburrak helduko dira Amaia antzokira, 20:30ean hasita.
Angela Davis kartelean
Aldi berean, martxoaren 7tik 18ra, erakusketa jarriko dute lehiaketako kartelekin. Emakume Txokoan jarriko dute; astelehenetik eguenera, 10:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:30era. Aurten Juan Diego Ingelmo izan da irabazlea: "Lehiaketan, jendarte parekidearen aldeko borrokan erreferenteak izan diren mugimendu feministak eta emakume feministak aldarrikatu nahi izan ditugu. Horregatik, aurten, feminismo beltzaren erreferente nagusietakoa den Angela Davisen figura nabarmendu dugu. Kartelak Davis aktibista feministaren figura askatasunaren aldeko borrokalari bezala irudikatzen du. Kateak apurtu eta zapalkuntza adierazpen anitzei –emakumea, arraza, klasea– aurre egiten dion emakumea irudikatu du egileak", adierazi dute.
22 lan aurkeztu dira eta antolatzaileek lanen kalitatea nabarmendu nahi izan dute. Egileak 450€euroko saria eskuratu du.