Testamentua egiterako orduan kontuan izan beharreko aukerak zeintzuk diren eta berriki izandako aldaketak azaldu zituen Amerigok atzoko hitzaldian. Bertaratutakoek interes handia erakutsi zuten, eta hainbat galdera plazaratu zizkien hizlariari.
Hitzaldian nagusiki adineko jendea izan bazen ere, Amerigok azaldu zuen gero eta jende gazte gehiagok egiten duela testamentua, eta bere esan du bere ustez ez dagoela horretarako adinik.
Euskal legean berriki izandako hainbat aldaketa azaldu zituen hizlariak. Esaterako, orain gurasoak jada ez direla nahitaezko oinordekoak. Baita ere, orain herentziaren bi herenak askatasunez banatu daitezkeela, orain arte hori heren batekin bakarrik egin bazitekeen ere.
Bestalde, ohiko testamentuaz gain beste hainbat aukera ere badirela gogoratu zuen; hala nola, testamentu mankomunatua, hau da, binaka egiten dena, edota oinordekotza akordioak.
Hil ostean ondasunak banatzeko testamentuaz gain, baina, autotutela eta aurretiazko borondateen agiriaz ere mintzatu zen notarioa. Lehenak esan nahi du pertsona batek, haren osasun egoera dela eta, erabakitzeko gaitasunik ez duenean, konfiantzazko pertsona bati ematen diola bere partez erabakiak hartzeko baimena.
Aurretiazko borondateen agiriak, berriz, pertsona bat bere gaitasun osoen jabe denean sinatzen duen dokumentua da, non adierazten duen etorkizunean gaixotasun sendaezin bat balu, hobera egiteko aukera barik, ez duela nahi bizitza artifizialki luzatzea.
Amerigoren gomendioa testamentua egitea izan zen, guztia ahalik eta argien uzteko, eta edozein unetan aldatzeko aukera dagoelako. Hala, gertu agertu zen edozein zalantza izan lezakeen edonori informazioa eskaintzeko.
Hurrengoa buruan
Atzoko hitzaldiaren arrakasta ikusita, San Felipe Apostol Elkarguntzarako presidenteak, Juan Jose Pagaldaik, aurreratu zuten hirugarren saio bat prestatuko dutela ziurrenik.