Aurkezpena egiteko arrazoia izan da lapurretek eta iruzurrek urtarrilean gorakada izan dutela. Debagoiena Hego Euskal Herriko delinkuentzia maila txikiena duen eskualdea izan arren, hartu beharreko neurrien jakinaren gainean jartzea izan da egitasmoaren helburua. Maria Ubarretxena Arrasateko alkatearen esanetan: "Ez dugu alarma sozialik piztu nahi, batez ere, jendearen ohiturak aldatu nahi ditugu prebentzio gisa, eta herritarrak ohartarazi. Lehen, etxeko ateak irekita uzten genituen, baina, gaur egun, egoera aldatzen ari da…".
Bertan azaldu zuten moduan, hainbat dira adineko jendeari egiten dizkioten iruzur motak: besarkada solidarioa, banketxetik atera berritan dirua lapurtzea, estanpatxoaren iruzurra, etxera doazen teknikari faltsuena, eta abar. Askotarikoak izan daitezke.
Balorazio positiboa
Bi saioetan beteta izan da Etxaluzeko aretoa, eta jendearen parte-hartzea handia izan da. Iñaki Arriaga udaltzainburuak gidatu ditu saioak, eta hauek amaitzean entzule ugari hurbildu dira berarengana galderak egitera. "Uste genuena baino jende gehiago hurbildu da. Martitzeneko saioan, esaterako, jende asko eserleku barik geratu zen, eta zutik entzun behar izan zituen azalpenak. Jaso dugun feedbacka oso ona izan da, saioen amaieran galdera asko egitera etorri baitira entzule ugari Iñakirengana…".
Herritarrak ohartarazi
Adineko pertsonentzat izan dira saioak, baina herritar guztiak ohartarazi gura ditu Arrasateko Udalak. Adi ibiltzeko, eta prebentzio neurriak har ditzaten etxetik irtetera doazenean.