Aipatutako dokumentua Topaguneko Topalabea gogoeta-lantaldeak egin du, eta bertan euskararen erronka berriei aurre egiteko tresnak aurkitu nahi dituzte. Hala, gai nagusietako bat euskaltzale eta ez euskaltzaleen artean eta familia politikoen artean adostu beharreko zoru komuna da.
Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek aipatu zuenez, badira Berrikasi eta Berrikusi dokumentuan errepikatzen diren zenbait ideia. Bata, hizkuntza komunitatearen baitan zoru komun bat eratzearena euskararen inguruan.
Dokumentuak jasotzen duen beste ideia bat, euskarari bultzada bat emateko adostasun sozial eta politiko zabalagoa bilatzea da. Bestalde, Mendizabalek autoritate zientifiko baten beharra ere azpimarratu du, hau da, zientzian oinarrituko liratekeen norabide batzuk markatu lituzkeen erakunde bat. Bukatzeko, diskurtsoak garai berrietara egokitzeko beharra nabarmendu du.
Herritarrak protagonista
Mendizabalek azaldu duenez, euskalgintzan fase berri bati ekiteko lagungarri izango da Berrikusi eta Berrikasi dokumentua, eta adierazi du fase horretan gizarte eragileak izan behar direla protagonista.
Euskararen gaia politizatzeak jendearen inplikazioa arriskuan jar dezakeela uste du Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak.
Bestalde, zoru komun bat eratzeak gizartearen zatiketa ekidin dezakeela ere adierazi du.
Parte hartzaileek aipatu dute dokumentu honetan garrantzitsuena hausnarketa dela, eta bertan jasotakoak aurrera egiteko bide emango duela, baita ekarpen berriak egiteko aukera eman ere.