Euskal diasporaren jatorria eta eboluzioa izan zituen hizpide Cesar Arrondok egubakoitz arratsaldean Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan. Hizlariak azaldu zuenez, Euskal Herritik Argentinarako azkenengo migrazio olatu handiena Gerra Zibilaren garaian izan zen.
Hain zuzen, Argentina da Euskal komunitaterik handiena duen diasporako herrialdea. Jatorri euskalduna duten 40 milioi biztanle dago herrialde horretan, Arrondok azaldu duenez; hain zuzen, herritarren ehuneko hamarrak gutxienez euskal abizen bat dauka lehenengo lau abizenen artean.
Argentinako diasporan jada ez dago ia jaiotzez euskalduna denik, eta gehienak laugarren belaunaldiko euskaldunak dira, etorkinen biloben bilobak. Hala ere, euskal komunitatea osasuntsu eta ondo antolatuta dagoela dio Arrondok, eta azpimarratu du Euskal Etxeetan Euskal Herriaren historiarekiko interesa dagoela, eta sentimendu handia.
Diasporaren papera
Argentinako diasporak Euskal Herriarekiko duen harremanagatik galdetuta, hizlariak azaldu du kontaktu iraunkorra dagoela, bai eusko jaurlaritzarekin, bai herritarrekin, esaterako urtean behin ospatzen duten euskal astean, eta teknologia berriek ere harreman hori erraztu dutela nabarmendu du. Hala ere, Cesar Arrondok uste du diasporako kideek zeresan handiagoa izan beharko luketela erabakitzeko eskubidea bezalako arloetan.
Gai horren bueltan, duela hiru urte sortu zuten La Plata unibertsitatean ONSE izeneko elkartea, Estaturik Gabeko Nazioen Antolakundea. Bertan, euskaldunak, kataluniarrak, sahararrak, irlandarrak edota kurduak biltzen dira, besteak beste. Munduko nazio hauen inguruko ikerketak eta bertako egoeraren zabalkundea egiten dute elkartean.