Aurrekontuak 35.443.258 eurokoak dira, zehazki, iazkoak baino %1,42 handiagoak: 32.078.733 euro Udalaren aurrekontuari berari dagozkio; eta 3.433.766, Iturbide Egoitza erakunde autonomoari.
Anuska Ezkurra zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez, aurrekontuak "erreminta finantzario bizi" bat dira, eta saiatu dira "zuhurtziaz" jokatzen eta aurrekontu "aktiboak" egiten, "arrasatearren beharrei erantzuteko". Eta Gizarte Ongizate arloari "bizkarra" eman diotela esanez egin dizkieten kritikei erantzunez adierazi du onartutako aurrekontuen ia %70 pertsonal gastuetara eta Udalak eta Mankomunitateak herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetara bideratzen dela. "Ez dira aurrekontu perfektuak izango, baina saiatu gara ahalik eta egokienak egiten", gaineratu du. PSE-EEko Oscar Garciak horri gehitu dio ez direla eurek, bakarka, aurkeztuko lituzketen aurrekontuak, baina koalizioan daudela eta adostasunera heldu direla: "Uste dugu urte zail bati aurre egiteko modukoak direla".
Batzordeka, Zerbitzuak sailera bideratuko da diru gehien (%31,48); ondoren, Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasunera (%16,37); hirugarrenik, Kirola, Gazteria, Berdintasuna eta Hezkuntzara (%11,41); eta antzera Kultura eta Euskarara (%11,30). Hortik behera, gainerako batzordeetara.
Inbertsioei dagokienez, San Josepeko berrurbanizazioa (600.000 euro), bidegorri proiektua (547.000), bide publikoen urbanizazioa eta asfaltoak (341.000) edota Garaia-Takolo proiektua eta haur parkeetan egin asmo dituzten hobekuntzak (300.000 euro, bakoitzeko) izango dira garrantzitsuenak.
Bi osoko zuzenketa eta zazpi partzial
Osoko zuzenketa bana aurkeztu dute Baleikek eta Irabazik, baina ez dute aurrera egin, eta berdin gertatu da EH Bilduk aurkeztutako zazpi zuzenketa partzialekin ere.
Aurrekontuak ez direla behar beste denboraz landu, herritarren parte-hartzea ez dela aintzat hartu edota Ongizate saileko aurrekontua kudeatzerako orduan "presioa" jasan dutela azaldu du Baleikeko Igor Urizarrek, aurkeztu duten osoko zuzenketa argudiatzerako orduan. Bere alderdiaren eta Irabaziren aldeko botoak soilik eskuratu ditu; EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute; eta EH Bildu abstenitu egin da.
Irabazik, bere aldetik, "galdutako aukera" moduan definitu ditu 2016ko aurrekontuak: "Langabezia, etxebizitza eskubidea, ezberdintasun sozialak, ingurumena… izan beharko lirateke kezka nagusiak baina, horri guztiari erantzuna eman beharrean, krisia gaindituta balego moduan egin du aurrekontua gobernu taldeak. Herri eredu ezberdinak ditugu", adierazi du Juan Luis Merino zinegotziak. Osoko zuzenketa honi dagokionean ere, Irabazik eta Baleikek alde bozkatu dute; EAJk eta PSE-EEk, aurka; eta EH Bilduk abstentziora jo du.
EH Bildu koalizioak aurkeztutako sei zuzenketa partzial ere ez dira aurrera atera. Arrasatek Hezi ekimenarekin, azokarekin, euskararekin, hileta zibilekin, "Euskal Herriaren eraikuntzan lagunduko duten" proiektuetarako laguntzekin eta etxebizitza eskubidearekin zuten zerikusia. EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute guztietan; eta Baleike eta Irabazi alde azaldu dira kasu batzuetan, eta abstenitu egin dira beste batzuetan. Zuzenketetako bat, berriz, Emakume Txokoaren segurtasunarekin zerikusia zuena, erretiratzea erabaki du EH Bilduk osoko bilkuran bertan, Maria Ubarretxena alkateak hitz eman eta gero gai horretan jarrera "irekia" dutela, urtarrilean batuko den Segurtasun Batzordetik zer ateratzen den zain geratzen direla eta ez dutela arazorik diru partida horri izena aldatzeko, hau da, bideo zaintza moduan beharrean beste modu batetara izendatzeko.
Eneko Barberena: "Politika aurrerakoietan sakontzeko aukera galdu da"
Gobernu taldearen aurrekontu proposamenarekin lotuta, EH Bilduko Eneko Barberenak esan du oinarrian eurek 2015ean aurkeztutako aurrekontua ikusten badute ere, hainbat puntutan bat datozela osoko zuzenketetan esaten direnekin; ez dela aurrekontuak lantzeko nahikoa denbora egon; eta ez dutela ikusten egun Arrasaten dagoen %15eko langabezia tasaren edo etxebizitzen gaiaren gaineko inolako erreferentziarik. "Uste dugu aukera galdu dela, urtebetez, politika aurrerakoietan sakontzeko", gaineratu du. Horregatik, eta atzo koalizioak egindako batzarrean erabakitakoari jarraiki, kontrako botoa eman du.
Maria Ubarretxena: "Malgutasun gehiago izatea espero genuen"
Jeltzaleek eta sozialistek, biek, onartu dute denboraz justu ibili direla, eta datorren urtera begira etxeko lanak lehenago egiteko konpromisoa hartu dute. Maria Ubarretxena alkatea "pozik" azaldu da datorren urteko aurrekontua aurrera aterata, baina esan du "malgutasuna" bota duela faltan kontra bozkatu duten EH Bildu, Baleike eta Irabaziren partetik.
Preso eta iheslarien aldeko eskaera
Galdera eta eskaeren tartean, Arrasateko Preso eta Iheslarien Senideen elkarteak Euskal presoak Euskal Herrira lelodun bandera eman dio alkateari, urtarrilaren 9ko manifestazio egunera arte udaletxeko balkoian zintzilikatzeko eskaera eginez.