Indarkeria matxistaren "gaitza" izeberg batekin irudikatu dute aurten, eta izebergaren puntan erailketak eta eraso fisikoak ageri badira ere, "oharkabean" pasatzen diren beste adierazpen sotil batzuen aurka egitea oso inportantea dela adierazi zuten atzo Herriko Plazan egindako elkarretaratze jendetsuan.
"Oharkabean" pasatzen diren biolentzia horien artean kokatzen dituzte, besteak beste, umore, hizkuntza eta publizitate sexista, kontrolatzea, inbisibilizazioa, mikromatxismoak, umiliatzea, gutxiestea, kontuan ez hartzea eta mespretxatzea.
Eraildakoen kopuruarekin ados ez
Gainera, 2015ean estatu espainiarrean Gobernuak kontabilizatuta duen erailketa kopuruarekin ez datoz bat atzoko agerraldiko antolatzaileak: "Gobernuak biolentzia matxistatzat ditu bikote harremanean ematen diren kasuak bakarrik baina guk amak eta umeak ere biktimatzat ditugu, besteak beste. Beraz, guk 80 biktimatik gora kontatu ditugu".
Aurre egin beharra, "esparru guztietatik"
Beste kritika bat ere egin zioten Madrilgo Gobernuari, askoz gehiago egin dezakeela sinistuta. Itun orokor bat aldarrikatu zuten: "Gaitz honi esparru guztietatik erantzun behar zaio. Hezkuntza aipatzen da beti eta noski, eskoletan ere landu behar da gaia, baina erakundeetan, familietan, hedabideetan eta beste hainbat esparrutan egin behar zaio aurre".
Emakumeen Mundu Martxakoen ekintza
Elkarretaratzearen ostean, Emakumeen Mundu Martxako Arrasateko kideek hartu zuten hitza eta esan zuten herritar guztien erantzukizuna dela gertutik bizi ahal diren eraso sexistak salatzea eta ikusaraztea.
Bideo bat jarri zuten Emakumeen Mundu Martxaren harira antolatutako ekintzekin eta maskara batzuk jantzita indarkeria matxistaren biktimak gogoratu zituzten. Amaitzeko, aldarrikatu zuten biolentzia matxista guztiekin amaitu behar dela guztiok libre bizi ahal izateko.