Munduko txokoetatik etorri diren arrasatearrek euren herrietako ipuinak kontatuko dituzte. Lehenengo saioa azaroaren 26an izango da: Saharako tradiziozko ipuinak kontatuko dituzte, arabieraz, euskaraz eta zeinuen hizkuntzan.
Egitasmoaren helburua da kultura aniztasuna gauza aberasgarria dela erakustea, eta herritarron elkar ezagutza. Izan ere, gaur egun Arrasaten jendarte zabala dago munduko hainbat txokoetatik etorritakoak. Horren ondorioz, munduko hainbat lurraldetako bizilagunek osatzen dute Arrasate, eta, kalean hainbat hizkuntza, ohitura eta janzkera ikus daitezke.
Kultura askotariko gizarte honetan, kulturak trukatzea garrantzitsutzat jo dute egitasmoko eragileek. Horrekin lortuko da, pertsonaren ikuspegi zabalagoa, eta, beste balore batzuk indartzea, besteak beste, errespetua eta norberaren identitatea.
Saioak bi hilean behin egingo dituzte
Bi hilean behin egingo dituzte ipuin kontaketak, eta horietan protagonistak izango dira herritarrak. Izan ere, munduko txokoetatik etorri diren arrasatearrek euren herrietako ipuinak kontatuko dituzte. Lehenengo saioan Saharako tradiziozko ipuinak kontatuko dituzte: arabieraz, euskaraz eta zeinuen hizkuntzan. Azaroaren 26an izango da, 18:00etan, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.
Fadila Hamudi Deddik eta Aisha Nadifek arabieraz egingo dute; Hirune Iribecamposek euskaraz; eta, Mercedes Iñarrak zeinuen hizkuntzan.
Hurrengoan, Latinoamerika
Hurrengo saioa urtarrilean izango da eta Latinoamerikako herrialde bat izango da gonbidatua. Ikasturtean zehar, Nepaleko eta Pakistaneko ipuinak ere entzungo dira.