Heziketa jolasa baino gehiago dela sinistuta, Txatxilipurdi elkarteak proiektu berriak ditu mahai gainean. Horien artean dago umeen heziketaren ikuspegitik interesgarriak izan daitezkeen liburuak euskaratzearena. 2013an, adibidez, Francesco Tonucciren Haurren Hiria obra ekarri zuten euskarara eta orain Heike Freiren lanari heldu zaio txanda, Berdean Hezi.
Egubakoitzean Kulturaten aurkeztu zuten liburua eta Freire bera egon zen aurkezpenean. Umeen heziketan naturarekin harremana izatea ezinbestekoa dela aldarrikatu zuen jatorrizko liburuaren egileak.
Eta izugarri gustatu zitzaion Maddi Urizar ilustratzaile arrasatearrak egindako portada, liburuaren muina oso ondo islatzen ei duelako.
Aurkezpena eta solasaldia
Aurkezpena bi ataletan banatu zuten. Batetik, Heike Freire bera liburuko edukiez aritu zen eta Diego Martiartuk, berriz, lana itzultzeko orduan izandako gorabeherak izan zituen hizpide. Lana oso gustura egin duela eta oso aberasgarria izan dela aitortu zuen Martiartuk.
Aurkezpenaren bigarren zatian, berriz, Garaioneko, Plisti-Plastako, Huheziko eta European Forest Institute-ko ordezkariek solasaldia egin zuten liburu hori euskaratzeak suposatzen dituen onuren gainean. Naturarekin eta heziketarekin harreman zuzena duten adituen ahotik hainbat ekarpen interesgarri entzun ziren.
Liburua 12 eurotan dago salgai; momentuz Nafarroa etorbideko Txatxilipurdiren egoitzan edo elkartearen webgunean egin daiteke eskaera. Laster izango da salgai liburu dendetan.