Sortuk uste duenez, PPrentzat "lehentasunezkoa" izaten jarraitzen du "salbuespenezko neurrietan" oinarritzen den espetxe politikari eustea: "Izan ere, espetxe politika da bere tresna nagusia Euskal Herriak konponbidearen bidean aurrera egin ez dezan. Horren adierazle, ETAk borroka armatua amaitutzat jo zuenetik lau urte igaro direnean, espetxeetako egoerak okerrera egin du".
Sakabanaketa, "erruleta errusiarra" senideendako
Alderdi abertzale eta ezkertiarraren arabera, zigorrak luzatzen ari dira "faktuzko biziarteko zigorra" ezarriz. Eta Josu Arkauz presoaren kasua aipatzen dute: "24 urte espetxean daramatzan eta kalean behar zukeen Josuri berari, zortzi urtez luzatu diote espetxe zigorra. Sakabanaketaren bitartez, erruleta errusiarrera kondenatzen ditu PPk astebururo senideak; larriki gaixo diren pertsonak preso mantentzen jarraitzen dute... Horixe da espetxeetako egoeraren erradiografia".
Erabakia, "aldez aurretik hartua"
Gainera, Sortuk uste du presoek euren kabuz egindako eskaerei erantzuna aldez aurretik hartu duela Madrilgo gobernuak: "Testuinguru honetan dator Espainiako Entzutegi Nazionalaren irailaren 25eko bilkura eta pentsa daiteke erabakia aldez aurretik idatzia dagoela Madrilgo gobernuaren eskutik, alegia, orain artekoan jarraitzea, euskal presoen eskaerei bizkar emanez eta hauen senitarteko eta lagunei eragiten zaien kaltea handiagotuz".
Presoen aldeko borroka indartzeko beharra
Hori horrela, Sortuk "beharrezkoa" ikusten du euskal presoen eskubideen aldeko borroka indartzea: "Espetxe politika kriminalaren aurka egitea konponbidearen alde jardutea delako eta noski, preso guztiak etxean behar ditugulako gatazka eta bere ondorioak behin betikoz ixteko. Eta horretarako lehen urratsa presoen Euskal Herriratzea eta sakabanaketari amaiera ematea da".