Oscar Garcia: "Elkarrizketan oinarritutako kudeaketa plurala izango da gurea"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko ira. 24a, 11:37

Oscar Garcia udaletxean, irail hasieran ateratako argazkian.

Arrasateko alderdi sozialistaren bozeramaile Oscar Garciak EAJrekin batera udal gobernuan egindako lehen hiru hilabeteen balorazio positiboa egin du prentsa ohar bidez: "Oso intentsuak izan dira. Hasieratik jarri behar izan gara lanean egiteko asko zegoelako". Gaineratu du PSE-EE "giltza" izan dela Bilduk aurreko agintaldian "inposizioan oinarritutako" kudeaketari buelta emateko. Datozen hilabeteetarako hamabost proiektu dituztela aurreratu du Garciak.

Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeko buru Oscar Garcia kontziente da udalerrian "ilusio eta ikusmin handia" dagoela agintaldi berrira begira: "Gure helburua da herritarrei hutsik ez egitea. PSE-EEren eta EAJren arteko akordioa lanean dago oinarritua eta udalerri bat eraiki gura dugu guztion integraziotik eta herritarrei egunerokoak sortzen dizkien arazoei irtenbide erreal bat ematetik abiatuta. Elkarrizketan oinarritutako kudeaketa plurala izango da gurea, Bilduren inposizio eredutik urruti.", adierazi du, eta gaineratu independentziaren edota presoen moduko "polemika antzuak" baztertuko dituztela. 

Ekintza plan bat ere aurkeztu du Garciak. Hamabost proiektu aurreikusi dituzte; garbiketarako ordenantza bat eta egoera txarrean dauden auzoak berriro urbanizatzea izango dira batzorde horren lehentasunak. Era berean, aurreikusitako esku-hartzeetako batzuk martxan daudela gogora ekarri du zinegotzi sozialistak; horien artean daude Iturripeko estalkia isolatzeko lanak edo txakurren eta herritarren artean elkarbizitza hobetzeko kanpaina. Horrez gain, aterpetxe eta jantoki sozial berri bat ere eraiki gura du Garciak, baina gai hori "negoziazio prozesu betean" dago EAJrekin. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak