Bihar hasiko dira Birzikleta azokako materiala biltzen eta 11:00etatik 13:00etara edozein motatako bizikletak, kaskoak, gurpilak, eskularruak eta bestelako material osagarriak jasoko dituzte azokan. Nerea Lazpiur mugikortasun asteko arduradunak azaldu duenez, bigarren eskuko bizikleten azokak indarra hartu du azken urteetan, haren oihartzuna bailara guztira zabaltzeraino. Horregatik, eta azken urteetan suposatu duen lan karga gehigarriagatik, aurten patinak eta patineteak ez jasotzea erabaki dute.
Bizikleta bira
Birzikleta azokaz gain, ekintza gehiago ere prestatu dituzte mugikortasun asterako, besteak beste, urteroko bizikleta bira. Datorren domekan izango da, goizeko hamarretan Arrasateko Seber Altube plazatik irten, Bergarara joan, eta berriro itzuliko dira Arrasatera. 20 kilometroko ibilbidea izango den arren, "guztia bidegorrian zehar" egingo denez, "erraza" izango dela aurreratu du Lazpiurrek, baina, azpimarratu nahi izan du bertara joaten diren umeak "autonomoak" izan beharko direla, hau da, ibilbidea euren kabuz egiteko gai.
Eskolara oinez
Aurten, gainera, ekimen berri batekin dator Mugikortasun Astea. 'Eskolara oinez' izena jarri diote eta Erguin Herri Eskolako bosgarren mailako umeek hartuko dute parte bertan. Mugikortasun Astean zehar, egunero oinez joango dira eskolara eta horretarako ingurumen eskolako arduradunen laguntza izango dute.
Bi ibilbide prestatu dituzte umeak jasotzeko. Bata San Andres auzoko Kurtzetxiki plazatik abiatuko da eta Udala plazatik igarota hartuko dute Erguineko bidea. Bestea, berriz, erdigunetik abiatuko da, Biteri plazatik, hain zuzen. Ondoren Monterron parkean barrena eta oinezko Zumarditik pasata iritsiko dira eskolara. Bi kasuetan, bidean bizi diren umeak ibilbidea euren etxe ondotik pasatzean batuko dira taldera. Azken egunean, eskolara oinez joan diren umeek gosari osasuntsua egingo dute eskolan bertan, eta besteak beste, fruta eta ogitartekoak jasoko dituzte Ausolanen eskutik.
Ingurumen eskolatik datorren ekimena da Eskolara oinez joatearena, izan ere, iazko ikasturtean, agenda 21 egitasmoaren bidez landu zuten mugikortasunaren gaia, eta bertan ohartu ziren ume asko oraindik autoan joaten direla eskolara.
Ohitura hori eta beste asko aldatzea dute helburu aurtengoan.