Santa Barbara edo Goikobaluko parkea herritarren bilgune gisa berreskuratu nahi dute Zuztarrak Errotuz taldetik. Izan ere, Arrasateren erdigunean egonda ere, erabilera gutxi ematen zaiola nabarmendu dute. Beraz, azken bi urteotan bezala, erromeria egingo dute aurten ere.
Irailaren hemeretziko jaian ahalik eta jende gehienak parte har dezan, Arrasateko erdigunetik Goikobaluraino kalejirak lagundutako igoera antolatu dute. Hala azaldu du Xabier Zubizarreta bozeramaleak: "Arrasateko alde zaharrean oraindik geratzen diren ate guztietatik pasatuko gara igoera hasteko".
Eguerdiko ordubiak aldean iritsiko dira gora herritarrak, eta bertan giro aparta topatuko dute: Txalaparta, bertsolariak, txistulariak zein jan-edana egongo da eguerdian zehar. Ondoren, Zeuk eruen, zeuk jan bazkaria egingo dute, eta horren ostean, dantzak eta musikak jarraituko dute.
Arratsaldeko bostetan, berriz, berbena izango da Lide eta Eneritzen eskutik. Ordu eta erdi inguruz arituko dira musika jotzen, eta ostean, sei t'erdiak aldera, jaitsiera abiatuko da Arrasate erdiguneraino.
Antzinan, hileko hirugarren zapatuan euria eginez gero, astebetez atzeratu ohi zuten jai-eguna, baina oraingoan alternatiba bat topatu dute eguna mantentzeko: "urruti joan barik, ikastolak han alboan duen kiroldegi txikiaren babesean egingo genuke euria egitekotan".
Zubizarretak, bestalde, azpimarratu du erromeriaren antolaketan, Zuztarrak Errotik-eko kideek ez ezik, hainbat herritarrek ere parte hartu dutela.