Lorentxo Altube, beste belaunaldi bateko "eredu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko uzt. 24a, 08:00

Ebakuntza bat konplikatu ostean, uztailaren 16an hil zen Lorentxo Altube arrasatearra, herrian oso ezaguna zen pertsona. Hamaika saltsatan ibilitakoa, euskal musika tresnak egiten abilezia berezia zuen eta ondare ederra utzi du tresnoi dagokienez. Musika tresnen artean argi zuen zein zen gehien gustatzen zitzaiona: txalaparta. 

Lorentxo Altube Arrasateko Zaldibar kalean jaio zen 1933ko abuztuaren 10ean, eta gaztetatik izan zuen Euskal Herriarekin lotura zuen ia edozerekiko interesa eta inplikazioa. 1980ko hamarkadan EAJko zinegotzi izan zen eta gero, EAren sorreran, parte-hartze handia izan zuen, zuzendaritzako kide izanaz urte askoan. 

Gipuzkoako Guraso Elkarteko zuzendaritzan ere aritu zenbait urtez, eta erretiratu ostean ekin zion euskal musika tresnak egiteari. Tornu zahar bat hartu, konpondu, eta txalapartarako makilak zein albokak egiten hasi zen; gerora, Euskal Herrian zein Europan euskal instrumentuen enbaxadore ere aritu zen hainbat erakusketa eta ikastaro ematen. 

Beste bizimodu baten islada 

Lorentxo galtzear dagoen belaunaldi bateko kidea zen: "Astelehenetik zapatura lana, domekan mezetara joan beharra... Hortik aurrera, segundo guztiak aprobetxatu behar izaten genituen bizitzaz gozatzeko", dio Iñaki Muxika lagun-minak Orduko gazte gehienen antzekoa zela dio: "Zaletasun handia basoan ibiltzeko, edozein lan egin behar zenerako beti gertu... Haren bizitzari errepaso bat eginez gero ikus daiteke zenbat lekutan hartu zuen parte, nekaezina zen. Gero, erretiratu zenean eta musika tresnak egiten hasi, nik sorpresa eraman nuen. Lorentxo ezagututa ez da harritzekoa, baina gogoan dut niretako sorpresa izan zela. Kuadrillako lagunok Etxaluzen egon ginen hitzaldi baten, eta harrituta geratu nintzen zenbat zekien ikusita". San Andresko Torrepe elkartean "ordu asko" egin zituen, afari kontaezinak kuadrillan: "Iktusak eman zionetik gutxiago agertzen zen elkartetik; hutsune handia utzi du. Zerbait egin behar zenean, egiten zuen horietakoa zen", gogoratzen du Muxikak.

 

(Jokin Amozarrain, Iñaki Muxika, eta Gotzon eta Ikerne Altube 1978ko eta 1990eko mus txapelketetako argazkiekin)

Errekonozimenduaz hunkituta

Herrigintza zer den erakutsi ziela aitortu du alabak, Ikerne Altubek: "Ondarea, kultura, hizkuntza... gordetzeko ahalegin handia egin zuen. Beti egon zen herrigintzan". Txalapartarenganako maitasuna beranduago etorri zitzaion, erretiratu zenean: "Anaiak txalaparta jotzen zuen eta bat falta zitzaiela enteratu zenean bere eskuekin egin zien. Lagunek ekarritako egurrak bildu eta horiekin hasi zen; gerora txalapartaren kultura sustatzen aritu zen hainbat urtez". 2012ko abenduan erakusketa jarri zuen Santamas Komisiñuek haren tresnekin, Harresi aretoan: "Bere lana errekonozitzea oso polita izan zen aitarendako. Urte asko egin zituen musika tresnak ez ezik beste hainbat tresna gordetzen. Hori bai, arantzatxoa geratu zitzaion tresnok Arrasaten bertan nonbait ikusgai jartzeko aukerarik ez zelako egon". Eskoriatzako Ibarraundi museoan dago gaur egun Lorentxoren ondarea. 

Bilobekin "eredu"

Hirugarren belaunaldi batek ere ez du ahaztuko eurendako "eredu" izan zen Lorentxoren figura: "Oso oroitzapen onak gordetzen ditut. Edozer egiteko prest zegoen beti, beti gure ondoan. Asko ikasi dugu, bai horixe. Musika tresnekin egin zuen lana oso polita izan zen; orain guri dagokigu hori guztia ez ahaztea eta ondorengoei erakustea", adierazi du bilobak, Jokin Amozarrainek. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak