EAJk eta PSE-EEk osatuko dute Arrasateko Udal gobernua, eta Baleikek Ongizate Zerbitzuak kudeatuko ditu

Goiatz Arana Begiristain 2015ko uzt. 13a, 17:45

Gaur, astelehena, sinatu ditu Arrasateko EAJk akordioak PSE-EE eta Baleikerekin datozen lau urteetarako: lehenengoa udal gobernuan izango da eta bigarrenak udal gestioan zuzenean parte hartuko du, Gizarte-Ongizate batzordearen bitartez. Arrasatek udal gobernu talde "sendoa, egonkorra eta anitza" izango duela azpimarratu du Maria Ubarretxena alkateak eta oso pozik azaldu da.

"Talde politiko guztiei eman diegu aukera udal kudeaketan parte hartzeko, baina tamalez beste bi alderdiek ez dute nahi izan zuzenki parte hartu. Hala ere, espero dugu beste alderdiekin ere akordio puntualak lortu ahal izatea", gaineratu du.

"Hauteskundeen ostean, Arrasateko herritarren gehiengoaren konfiantza jaso eta gero, akordioetara iristeko gogoa eta beste alderdiei ere udal gobernuan sartzeko aukera emateko nahia azaldu genuen eta gure asmoa bete dugu", adierazi dute jeltzaleek.

"Talde politiko guztiei eman diegu aukera udal gestioan parte hartzeko. PSE-EE eta Baleikerekin akordioetara iritsi gara; lehenengoak udal gobernuan izango dira eta bigarrenak udal gestioan zuzenean parte hartuko dute Gizarte-Ongizate batzordearen bitartez", azaldu du Ubarretxenak. "Tamalez, beste alderdiek ez dute udal gestioan zuzenki parte hartzerik nahi izan", azaldu du alkateak.

Hala ere, "eskuzabaltasunez" jokatuko dutela aurreratu du Ubarretxenak eta gainontzeko alderdiek ere "ateak zabalik" izango dituztela gaineratu. Bide horretatik akordio puntualak lortzeko nahia ere azaldu du Arrasateko alkate berriak, guztiek "arduratsu eta erantzukizunez" lan egitea espero duela gehituz.

Bestetik, Udalbatzan ordezkaritza duten bost talde politikoetatik hiruk "herriaren alde gestioan zuzenki lan egiteko agertu duten ardura" benetan baikortzat jo du Maria Ubarretxenak eta hiru alderdiei eskerrak eman nahi izan dizkie azaldu duten prestutasunarengatik.

"Udal karguen ordainsarian %2ko jaitsiera"

Gaurko udalbatzarrean udalaren osaera erabakitzerakoan hartutako ondorengo erabakiak nabarmendu dituzte:

1. "Egonkortasuna bermatuko duen" udal gobernuan bi talde politikok izango dute presentzia: EAJk eta PSE-EEk.

2. Zortzi batzorde informatzaile eratuko dira: EAJ izango da horietako bosten buru; PSE-EE, birena; eta Baleike, batena.

3. Udal karguen ordainsarien kostua %2an jaistea aurreko legealdiarekin alderatuta.

Oscar Garciaa (PSE-EE): "Gobernagarritasun minimo bat bermatuko du akordioak"

Alderdi sozialistako bozeramaile Oscar Garcia pozik agertu da akordioarekin: "Gobernagarritasun minimo bat bermatuko du akordioak eta gauzak hobeto egiten hasiko gara, Arrasatek bazuen-eta horren beharra". Edozein negoziazio prozesutan egon daitezkeen zailtasunez harago, "nahiko erraza" izan da bi alderdien arteko akordioa.

PSE-EEk bi batzorde kudeatuko ditu: Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak, eta eratu berri den Komertzioa, Turismoa, Teknologia Berriak eta Sustapen Ekonomikoa deritzon batzordea: "Lehenengoan, nahiko antzekoak dira gure programak eta eztabaidatzen ari bagara ere zehaztuko ditugu datozen lau urteotarako proiektuak. Bigarren batzordeari dagokionez, garatzeke dago oraindik baina oso polita izan daiteke eduki aldetik. Komertzio txikia sustatzeko eta turismoa erakartzeko batzordeak izan daitezke". 

Baleike: "Gaizki pasatzen ari diren herritarrei laguntzeko sinatu dugu akordioa" 

Baleike taldeak, berriz, EAJren bigarren eskaintza onartu du, hau da, Ongizate Zerbitzuen batzordea kudeatzearena: "Lehen proposamenari ezezkoa eman genion asanbladan, gure programako ezberdintasunak oso handiak zirelako. Hala ere puntu batzuetan akordioetara heltzea ebatzi zen, arrasatearrentzako positiboak diren aldaketak aurrera eraman ahal izateko. Akordio horren barruan, Baleikek Ongizate Batzorde Informatzailea kudeatuko du krisialdi honetan gaizki pasatzen ari diren herritarrak laguntzeko esparrua dela ulertzen dugulako. Garrantzitsua da garbi izatea akordio hau ez dugula sigla edo alderdi batzuekiko konpromisatzat hartzen, gure fideltasuna programako puntuei zor diegu, ez beste inori". 

EH Bildu: "Batzorde murrizketak kudeaketan eragingo du"

EH Bilduko bozeramaile Eneko Barberenak salatu du batzorde murrizketak kudeaketan eragingo duela: "Kezka eragiten digu batzorde baten gaiak horrela pilatzeak. Arriskua dago gai batzuk atzean geratzeko, guretako garrantzitsuak direnak". Zortzi batzordeburuak gizonezkoak izatearekin ere ez dago ados koalizioa ezkertiar eta abertzalea: "Egungo garaiek eskatzen dituzte bestelako planteamendu parekideagoak". Gainera, Barberenak salatu du Gizarte Ongizatea batzordea Tokiko Gobernu Batzarretik kanpo geratzen dela, eurendako "lehentasunezkoa" den batzordea.

Bestalde, alkatearen soldataren igoerak Arrasatek egun bizi duen egoerak ez du "inondik inora" justifikatzen halako igoerarik, Barberenaren ustez. Atzoko osoko bilkuran hartutako erabakien gaineko artikulua idatzi du Barberenak bere blogean. Osorik irakurtzeko, hemen klikatu. 

Irabazi: "Aurpegiak aldatzen dira, baina politika egiteko modua ez"

Irabazi koalizioko Juan Luis Merino ez zen osoko bilkuran egon, baina salatu du Arrasaten "ezer ez aldatzeko" prestatu dutela dena: "Aurpegiak aldatzen dira, baina politika egiteko modua ez". Batzordeen eraketarekin ez daude batere ados eta defendatzen dute beste hiru batzorde osatuko beharko lirateekeela: "Ingurumena batetik, Berdintasuna, Elkarbizitza eta Elkartasuna bigarrenik eta Parte hartzea eta Gardentasuna hirugarrenik". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak