Hiru senide horiek dira, guztiak Arrasatekoak, Audientzia Nazionalera deklaratzera deituta dauden debagoiendarrak. Uztailaren 7an eta 8an deklaratzera behartuta daude abokatuen aurkako operazioaren lekuko gisa eta salatu dute halako zitazioak honezkero "handia" den "karga bati pisua gehitzen diotela".
"Benetan urduri"
Arkauzen arabera, duela hilabete inguru 127 senide Intxaurrondoko eta La Salveko kuarteletara deklaratzera deitu zituzten eta ez ziren joan uste zutelako beste bideren bat egongo zela Guardia Zibilaren aurrean deklaratu aurretik. Gaineratu dute Audientzia Nazionalera deklaratzera joatea ez zaiola inori gustatzen eta beraz urduri ere badaudela: "Oso urduri gaude, beneta. Ez dakigu nondik nora joango diren galderak", azaldu du Arkauzek; Arkauz bera izango da 14 senideen artean deklaratzen lehena.
"Senideak kriminalizatzea"
Uste dute zitazioen helburua dela euskal presoen "senideak kriminalizatzea", baina argi utzi dute euren senitartekoen ondoan jarraituko dutela beti, dauden lekuan daudela: "Garbi geratu dadila lehen momentutik senide izatea ez dela delitua. Senideak dauden tokian daudela bisitatuko ditugu, mundu osoan barrena. Madrilen, Parisen, Mexikon, Venezuelan, Portugalen, Alemanian edo Londresen. Prest eta gogor egon gara beti, eta egongo gara eurekin jarraitzeko".
Zitazioak direla-eta mobilizazioak deitu dituzte Arrasaten zein Donostian. Uztailaren 7an, martitzenero arratsaldeko zazpietan Seber Altube plazan egiten den karteladara hurbiltzeko deia egin du Arrasateko Sortuk. Etxeratek, era berean, kontzentrazioa deitu du uztailaren 7an Donostiako Probintzi Epaitegiaren aurrean.