Sanjuanak 2015 Arrasaten

30 urtez erraldoien gonapean dantzan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko eka. 26a, 08:30

Ibilbide luzea eta emankorra du Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsak. Amaitzear dauden San Juan jaietan ere askotariko ekitaldietan parte hartu dute: Errementari dantzan eta Arrasate Musikaleko bandaren kalejiran eta kontzertuan, horien artean. Bihar, zapatua, ere kalera aterako dira: Deustuko, Txantreako eta Baigorriko erraldoiekin batera.

Gaur egun, askotariko adineko 30 kidek osatzen dute Arrasateko konpartsa eta hamabi dira dituzten erraldoiak (handiak, ertainak eta txikiak). Musu-truk, herrian eta kanpoan, urteetan egin izan duten lana txalotu eta eskertu gura du Udalak, eta helburu horrekin egingo dute gaur, egubakoitza, 12:30ean, osoko bilkuran ekitaldi instituzionala. Udaleko ordezkarien eskutik jasoko dute, bada, konpartsako kideek oroigarria eta lora bana jarriko diete gero, taldeko lau erraldoi beteranoei -Gomez Gonzalez de Butron, Elvira de Leiba, Martin Bañez de Artazubiaga eta Santxa Otxoa- paparrean. "Betik dago ondo, egiten ari zaren lana ondo egiten ari zarela norbaitek esatea. Eskertzen dugu, bada, Udalaren omenaldia" dio Joserra Perezek, Konpartsako kideak.

Erraldoien Topaketa, bihar

Erraldoi lagunak, gonbidatu dituzte bihar, zapatua, 30. urteurrena elkarrekin ospatzeko: "Arrasaten aurrez izandakoak dira, gertukoak ditugu laurak; urteetako ibilbidea dute, horiek ere. Aipatzekoa da, Txantreatik etorriko den kide batek egin zituela gure lau erraldoi handiak".

Kamioietan ekarriko dituzte erraldoiak Arrasatera, eta Zaldibar pilotalekuan elkartu ondoren, 11:00etan abiatuko dira erdiguneko kaleetan zehar kalejiran. 13:00etan egingo dute gero, Herriko plazan, guztiek elkarrekin ekitaldia. Jaialdia borobiltzeko, elkarrekin bazkalduko dute Saiolaneko eraikinean. "28 erraldoi izango dira eta horien inguruan 150 bat lagun bilduko gara eta noski, dultzaineroak eta gaiteroak ere ez dira faltako. Arrasatekoez gainera, Bizkaikoak, Txantreakoak, Baigorrikoak, Iruñakoak eta Tuterakoak ere egongo dira. Aipagarria da herriko gaiteroek eta dultzaineroek egin duten lana harrobia osatzen, gehienetan sei lagun izaten dira eta bederatziko taldea osatu dute biharko. Horiez gainera, nola ez, herriko kilikiak ere izango dira. Aurtengo jaietan ahalegin berezia egin dugu, ditugun hamabiak kalera ateratzeko eta biharko topaketan ere, horrela izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak