Gaur irekiko dute 1940ko hamarkadako Arrasatera bidaiatzeko erakusketa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko eka. 12a, 11:20
Maala kalea gaur egun eta 1940ko hamarkadan. Argazkia: Arrasate Zientzia Elkartea eta Jagoba Domingo.

Alberto Loiti arrasatearraren ikerketatik abiatuta eta Arrasate Zientzia Elkartearen ekarpenekin zein Arrasateko Udalaren laguntzaz, Arrasate 1945 erakusketa irekiko dute gaur Kulturateko klaustroan (18:00). Uztailaren 11ra arte egongo da zabalik; astelehenetik zapatura, 17:00etatik 20:00etara. 

Alberto Loiti arrasatearraren ikerketatik abiatu zen guztia duela bi urte. Aspaldiko piezekin eta produktuekin bilduma egitea du zaletasun Loitik eta, behin erretiroa hartuta, Emaus zaharrean aurkitu zuen liburu bat izan zen erakusketa antolatzera animatu zion "inflexio puntua". Guipuzcoa en la mano. Anuario General de toda la provincia 1945 da liburua eta bertatik atera ditu Loitik 1940ko hamarkadan Arrasateko planoak, kaleetako dendak, lantegiak eta negozioak, besteak beste. 

Arrasatearren gustukoa izatea

Loitik onartu du bere zaletasunak haserre bat baino gehiago eragin diola etxean: "Planoak egiteko aukera bakarra sukaldeko mahaia zen eta ordutegi bat zehaztu behar izan zidaten...". Eta orain, erakusketa irekitzear dagoenean, helburu bakarra du Loitik: "Benetan poztuko naiz erakusketa irekitzeak zerbaitetarako balio badu. Arrasateko herriak erakusketarekin gozatzen badu, orduan poztuko naiz. Ez dut nahi inoren aurrean ondo geratu edo protagonismorik hartu nahi, arrasatearrek goza dezatela da nire helburu bakarra".

Hamar panel, hamar kale

Klaustroaren bueltan hamar panel –3 x 1,50 metrokoa bakoitza– ikusi ahalko dira, garai hartako kale bana ordezkatzen duena. Orduko izenekin (Calle Generalisimo Franco, Toribio Aguirre...) irudikatu dituzte kaleak eta panelotan orduko hainbat komertzio ikusi ahalko dira, kale horien planoekin, argazkiekin eta bertan bizi ziren pertsonaia ezagunekin batera. Horrez gain, beste hamar panel ikusi ahalko dira testu hutsekin, orduko Arrasate ezagutzeko lagungarri izango direnak. 

Honako arlo hauek lantzen dira testu hutseko paneletan: gerraostea; eguneroko bizimodua; etxebizitza eta osasungintza; erlijioa; kirola; hezkuntza eta frankismoaren aurkako borroka; emakumea eta aisialdia. Eta hori guztia gutxi balitz, bitrinak jarri dituzte antolatzaileek Kulturateko klaustroaren erdian; 1940ko hamarkadan Arrasateko 32 enpresak fabrikatutako 200 produktu baino gehiago bertatik bertara ikusteko aukera egongo da: "Produktu horietako batzuk 36ko Gerraren ostean UCEMen berriz onartuak izan ez ziren langileek eginak dira. Hau da, azkarrak eta ekintzaileak izan zirela erakusten du horrek", adierazi dute antolatzaileek. 

Historia hurbila erakustea 

Erakusketaren helburua da hainbat belaunaldirendako ezezaguna den Arrasateko historia hurbila erakustea. Hau da, 1940ko hamarkada mingarri eta zailaren testuingurua arrasatearrei hurbilduko diete antolatzaileek. Diotenez, "dena du berezia" erakusketak eta horregatik dei egin diete herritarrei Kulturateko klaustrotik pasatu daitezen. Izan ere, ilusio guztiarekin ekin diote lanari; orain arte eten ez den kateak aurrerantzean ere etenik izango ez duela espero dute: "Albertoren eta beste hainbat herritarren lana ilusioz eta poztasunez hartzen dugu. Katea ez da eten; herri langilea gara, lana erakusten dugu eta espero dugu ondorengoek aurrerantzean ere horrela jarraituko dutela", dio AZEko Xabier Bengoak. 

Irekiera ekitaldia gaur

Loitiren lana abiapuntu hartuta eta AZEren ekarpenei zein Udalaren laguntzari esker, balio handiko erakusketa interesgarri bat antolatzea lortu dute. Asteon aritu dira lanean buru-belarri, gaurko irekiera ekitaldirako (18:00) dena gertu egongo dadin. 

Antolatzaileen arabera, ekitaldian egongo da jarduneko alkate Inazio Azkarragaurizar eta espero dute –sorpresarik ezean– bihar alkate izendatuko duten Maria Ubarretxena ere bertan egotea. Gaurtik uztailaren 11ra arte egongo da zabalik erakusketa; astelehenetik zapatura, 17:00etatik 20:00etara. 


Alberto Loiti: "Gure herriko ondarea galtzen ari da" 

Erakusketaren ideia sortu zitzaion Alberto Loitiri; Arrasateko ondarea arrasatearrena izan behar duela deritzo.

Nondik dator ideia?

Aspaldiko objektuen eta historiaren zalea naiz. Ikusi izan dut gure herriko ondarea kanpoko museotan, penagarria iruditzen zait. Herrian askotan ez diogu baliorik ematen eta hainbat gauza galtzen ari dira. 

Nolakoa izan da elkarlana AZEko kideekin?

Nire kabuz hasi nintzen lanean baina larregi zenez, Udaleko lankide ohi Marga Garmendiak [Loiti 30 urtez aritu zen lanean udaletxean] gomendatu zidan AZEkoekin batera egitea. Gustura egin dut lan eurekin; orain garrantzitsuena falta da, arrasatearren gustukoa izatea. 


Kaleak, pertsonak... lehen eta orain

Erakusketara bertaratzen denak orduko Arrasateko erdiguneko kale ezagunetan sartzeko aukera izango du, izan ere, kale horietako denda eta negozioak zein pertsonaia ezagunak ezagutzeko aukera egongo da.

60 urte inguru pasatu dira ondoko argazkiak atera zirenetik eta hauetan zein erakutsiko diren beste hainbatetan atzeman daiteke nola aldatu den Arrasate. 

Ferrerias lehen 1940ko hamarkadan Ferrerias kalea bide zen, astoendako zein bizikletendako. 

Ferrerias orain Oinezkoek dute lehentasuna gaur egun ere garrantzia handikoa den kalean.

Zarugalde lehen 1940ko hamarkada amaierako txirrindularitza proba baten helmuga Zarugalden. Zale asko alboetan eta Guardia Zibila egoera kontrolatzen.

Zarugalde orain Egun Otalora kaleak hartu du garai baten Zarugaldetik pasatzen zen zirkulazioa. Argazkian ikus daitekeenez, orain ez dago arkurik. 

 


Errepublikako bandera  1947ko apirilaren 11a zen, zapatua, orduan alderdi komunistako kide zen Fermin Arabaolazak Errepublikako bandera jarri zuenean Portaloitik gertu: "Franco, Franco, Franco horman idatzita eta hara non agertzen den bandera. Guardia Zibilak ez zuen eguerdira arte kentzerik izan; Bergaratik etorri zen jendea ikustera. Adinekoek gogoan dute oraindik", dio Juan Ramon Garaik.

 

Iturripeko futbol zelaia 1945eko sanjuanetan inauguratu zen Iturripeko futbol zelai berria. 1980ko hamarkadara arte domeka ahaztezinak bizi izan ziren bertan Mondra futbol taldearen eskutik. 

Erlazionatuak

1940ko hamarkadako Arrasate ikusgai

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015 eka 08 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak