Arrasate 1945 deritzon erakusketaren abiapuntua Alberto Loiti arrasatearraren lan handian dago. Harena da hasierako ideia, Guipuzcoa en la mano. Anuario General de toda la provincia 1945 liburutik datorrena: "Liburu horren bidez Albertok atera ditu orduko planoak, publizitatea, argazkiak eta beste hainbat kontu. Bi urteko eguneroko lana da erakusketa honen atzetik", dio Arrasate Zientzia Elkarteko kide Xabier Bengoak.
200 pieza eta 200 erretretatu
Bi urte luzeko lanaren ostean eta 1945eko Arrasateko plano bat oinarri hartuta, Mondragoen zeuden denda, fabrika eta negozioak erakutsiko dituzte kalez kale eta, besteak beste, orduko pertsonaiak eta askotariko tresnak bertatik bertara ikusteko aukera ere egongo da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, besteak beste, 200 bat erretratu eta beste 200 bat pieza jasoko ditu erakusketak.
Orduko Arrasate hurbiltzea
Helburua da hainbat belaunaldirendako ezezaguna den Arrasateko historia hurbila erakustea. 1940Ko hamarkada mingarri eta zailaren testuingurua arrasatearrei hurbilduko diete antolatzaileek, betiere Arrasateko Udalaren laguntzaz. Arrasate Zientzia Elkartekoendako dena du berezia erakusketak eta horregatik dei egin diete herritarrei Kulturateko klaustrotik pasatu daitezen.
Izan ere, ilusio guztiarekin ekin diote lanari eta orain arte eten ez den kateak aurrerantzean ere etenik izango ez duela espero dute.