Hitzarmen horren helburua da Euskadiko lanbide-heziketa sustatu eta hobetzea da, prestakuntza eta trebakuntza, ikerkuntza aplikatua, berrikuntza pedagogiko zein teknologikoa eta ikastetxeen gestioaren eta antolamenduaren berrikuntza erabiliz.
"Gure helburua da, enpresa aurreratuetan edota unibertsitatean sortzen diren berrikuntzak, etorkizun laburrean lanpostuetan beharrezkoak izango direnak, jasotzea eta horiekin irakasleria prestatzea. Horregatik gure funtzionamendua teknologietan adi egotean zentratzen da; gertatzen diren berrikuntzak jaso, materialak prestatu eta azken fasean irakasleak formatuz. Eta noski, irakasle horien bitartez gure ikasleetara iritsiko da hori etengabeko prestakuntzarekin. Azkenik, ikasle horiek enpresa txikietan aplikatuko lukete ikasitakoa" azaldu du Tknikako Iñaki Mujikak.
Lankidetza-ekintzak
Unibertsitatearen eta lanbide-heziketaren arteko elkarlana funtsezkoa dela azpimarratu dute. Izan ere, orain arte batera lan egin dute askotan, baina, gaurko sinadurak, harremana "sendotuko" duela azaldu dute. Hori horrela, aliantza estrategiko honek ondorengo ekintzak aurreikusten ditu: profesionalak trebatu, lanbide-heziketako ikasleen prestakuntza garatzea eta programak garatzea, adituak trukatzea, berrikuntza proiektuak diseinatzea eta aurrera eramatea, profil profesional berriak sortzea...
Beraz, kontuak-kontu, bi erakundeek bat egingo dute sinbiosi horretatik aterako diren etorkizuneko profil profesionalak sortzeko asmoz.