Arrasateko jatorri aniztasuna, elkar ezagutzerako tresna moduan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko mai. 26a, 13:51

Arrasateko Udalak Arrasateko jatorri aniztasuna zenbakitan deritzon egitasmoa aurkeztu du gaur. Jendarte ikerketa bat oinarri hartuta web aplikazioa sortu dute herriko datu estatiskoekin osotua eta helburua da herritarrei datu horietan oinarritutako informazioa eskura jartzea, diotenez, askotan negatiboak diren estereotipoak datuen bidez deseraikitzeko. Aplikazioa Udalaren webgunean dago erabilgarri. 

Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek azaldu duenez, elkar ezagutza indartzea eta kanpotarrekin sortzen diren estereotipo negatiboak datuen bidez deseraikitzea da gaur aurkeztu duten egitasmoaren helburu nagusia. Arrasateko jatorri aniztasuna zenbakitan du izena egitasmoak eta Aztiker enpresak egin du lan hori. Aplikazioa dagoeneko erabilgarri dago Arrasateko Udalaren webgunean, modu erraz eta deskriptiboan. Lan hori egiteko erroldako datuak modu anonimo baten jaso dituzte Aztiker-ekoek. 

Askotariko datuak

Jatorri aniztasunaren mapa horretan askotariko datuak kontsulta daitezke. Arrasatearren jaiolekua kontinenteen eta estatuen arabera ikus daiteke eta baita, esaterako, zenbat arrasatear jaio diren Euskal Herriko udalerrietan zein Euskal Herritik kanpoko udalerrietan. 

Etekina ateratzea, denon ardura

Hori bai, aplikazio berria erabiltzea denon ardura dela uste du ongizate zinegotzi Amaia Larrañagak: "Orain, guztioi dagokigu tresna horri etekina ateratzea eta atzerritarrei lotutako estereotipoak deseraikitzen laguntzea. Ziur nago hemen gauden guztiok xede horren bila bidelagun izango garela".

Gaurko aurkezpenean parte hartu dute Arrasateko Udalak, Gipuzkoako Diputazioko Migrazio eta Aniztasun arloak, Aztiker enpresak, emakume musulmanen integraziorako Euskadiko elkarteak eta Elkarhezitzen-ek. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak