Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Zinegotzi kopurua bikoiztu du Arrasaten EAJk, garaile garbiak

Jon Berezibar 2015ko mai. 25a, 01:40

Aurrekaririk gabeko emaitza da Arrasaten. Garaipen garbia izan da EAJrena eta handia, aldi berean galerari dagokionez,  EH Bilduren beherakada. Alta, gehiengo erosorik ez du laga bozkak eta bai, akordioetarako bidea zabalik. PSE-EEek ere behera egin du eta PP desagertu egingo da udalbatzatik. Alderdi berriak sartuko dira udaletxera: Baleike 2 zinegotzirekin eta Irabazi batekin. 

Poz eta harriduraz hartu dituzte emaitza onak Arrasateko Batzokian. Hori adierazi du Maria Ubarretxena alkategaiak, datuak jakin bezain laster. Irribarre zabala ahoan, balorazioak biharko utziko dituztela esan du Ubarretxenak eta gaur ospatzeko eguna dela nabarmendu du. Jeltzaleena da boto gehien jaso dituen zerrenda Arrasaten, 3.748 botorekin, eta horrek 8 zinegotzi ematen dizkio EAJri Arrasaten. Zinegotzi kopuru bikoitza da, 4tik 8ra igo dira jeltzaleak. EAJren garaipena aurrekaririk gabea da Arrasaten, orain arte agintean zentsura mozioen ostean egon baitira aurretik ala ilegalizazioek baldintzatutako testuinguru politikoetan.

Bat gutxiago, 7 hautetsi, lortu ditu EH Bilduk; 3.348 boto. Galera handia izan du ezkerreko koalizio abertzaleak konparazioan, aurreko udal hauteskundeetan baino ia 1.400 boto galduta. Eneko Barberenaren zerrendak galdutakoa eta gehiago (1.634 boto) irabazi dituzte jeltzaleek, alderaketa egin gura izanez gero.


Behera, baita sozialistak ere, lau zinegotzitik 3 izatera igaroko baitira PSE-EEkoak, ia 600 boto galduta (2001an 1903 boto eta gaur 1.321). PP, azkenik, desagertu egingo da udalbatzatik, zeukan hautetsi bakarra galduta.

Indar berriak

Inkognita handienetako bat Irabazi eta Baleikek ager zezaketen indarrean zegoen. Baleikek 2 zinegotzi eskuratu ditu (1.192 boto) eta Irabazik, 567 botorekin, zinegotzi bat izango du Arrasate udalbatzan.

Emaitzek batuketa eta akordioetarako bide ugari uzten ditu zabalik udalbatzako gehiengoa osatzeko.

Emaitzak

• EAJ: 3.748 (8 zinegotzi)

• EH Bildu: 3.348 (7 zinegotzi)

• PSE-EE 1321 (3)

• Baleike: 1.192 (2)

• Irabazi 567 (1)

• PP: 385

(2011an: Bildu 4.726 boto - 11 zinegotzi, EAJ 2.114 - 4, PSE-EE 1903 - 4 zinegotzi, Aralar 771 - zinegotzi 1, PP 748 - zinegotzi 1)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak