Politikari duzu zeure burua?
Ez, ez. Herritarrei entzunez, egindako politikan sinesten dut. Nik egin gurako nukeena baino gehiago herritarrek gurako luketena egiteko.
Zelatan sartu zinen politikan?
Duela urte bi afiliatu nintzen Belaunaldi Berrietara, nire neska-lagunak animatuta, hura ere bazegoen-eta. Gaztetan Eskola Alemanean ikasi nuen eta han baziren Belaunaldi Berrietakoak, baina sektakotzat nituen, kanpotik begiratuta. 16 urte izango nituen eta ez zitzaizkidan interesatzen, ultra-eskumakotzat nituen haiek. Nire ideiak PPkoenak ziren, baina ez zitzaidan gustatzen zela zeramaten alderdia. Neska-lagunak erakutsi zidan bestelakoak zirela orain gauzak alderdian.
Alderdiaren ustezko ustelkeria kasuak edo gobernuari egiten zaizkion kritikak ez zenituen aintzat hartu afiliatzerakoan?
Nire ideia politikoak PPrenetatik gertu egon dira beti eta beti gustatu izan zait jendeari laguntzea. Alderdiak eta politikak eskaintzen du aukera hori.
Zela egin diozue aurre krisiari zuen enpresan?
Ahal izan dugun moduan, lan gehiago eginez. Gurean asteburuak ez dira aisialdirako. Baina bagoaz aurrera irteten. Arrasate herri industriala da eta uste dut lagun dezakedala Arrasateko udaletik.
Hauteskunde emaitzei dagokionez zein da zuen helburua?
Gutxienez, daukagun zinegotzi bakarrari eustea. Garai ezberdin bat hasi gura dugu.
Zer ezagutzen duzu Arrasatetik?
Batik bat enpresak, bezero edo hornitzaile ditugulako. Herria ere bai, noiz edo noiz etorri naizelako. Eta, bestetik, herria ezagutzeaz arduratu naizelako, badakit 1.000 langabe baino gehiago daudela Arrasaten. Eta ezagutzen ditut basurdeekin izan diren arazoak Udalan. Baserritarrei lagundi egin behar zaie, natura gune babestua izan arren ingurua.
Itziar Lamarain izan da orain arte PPren erreferentzia nagusia Arrasaten. Hura ordezkatzea ez da erronka makala.
Egia da. Ez dut ezagutzen, baina saiatu gara harekin egoten. Lanpetuta dabil.
Ze hiru gauza egingo zenituzke lehenbizi Arrasateko alkate izango bazina?
Atez atekoa indarrean jartzea galarazi. Atzerapena da herritar guztiendako. Errepideak eta kaleak ere ez daude oso txukun eta trafikoan gauzak erraztu egin behar dira. Azkenik, kaleen garbitasuna. Alde batera utzita ikusten dut alor hori.
Lagunik edo senitartekorik baduzu politikan?
Neskalaguna bakarrik. Pasaiatik doa PPko alkategai.
Zergatik dauka horren ospe txarra politikak?
Ulergarria da. Lotsabako eta trepa gehiegi dago eta baita entxufismo asko ere bai. Onartezina da. Baina badago jende on piloa ere.
Barcenas kasua, Ratoren jarrera… PPri bete betean eragin dio.
Egiazkoak badira irten direnak, gogor epaitu behar dira. Politikariak edo herritarren zerbitzura daudenak eredugarriak izan behar dira.
Borja Semper PPko Gipuzkoako presidentearen poesia liburua irakurri duzu?
Ez. Aurkeztu zigun, baina ez dut irakurri.
Eta, "utz, ezazu, dedikatu zaitez poesiara" esango balizu norbaitek?
Ez nuke arazorik izango. Badaukat lana eta jarraituko dut. Lana eta Udaleko lana uztartu gura ditut orain.
Abortuaren Legearen gainean zein da zure iritzia?
Ez zait ez txarto eta ez ondo iruditzen. Norberak egin behar du bere gorputzarekin gura duena. Astakeria iruditzen zait biharamuneko pilula antisorgailu moduan erabiltzea; baina umea edukitzea gura ez eta gura barik haurdun geratzen denari utzi egin behar zaio libreki erabakitzen. Denetik dago PPn.
PPren ze adarretan kokatuko zenuke zeure burua?
Liberal samarra naiz. berritu eta eguneratu egin behar da etengabe.
Lagunen artean eztabaidatzen duzue politikaz?
Eskolan guztiok geneuzkan ideia antzekokoak. Lagunon artean gehiago eztabaidatze dugu baina oso gustuko dut hori. Koadrilan denetik daukagu: Bildukoak, txosnetan dabiltzanak, Podemosen aldekoak… Ideia ezberdinak ditugu baina ona da hori. Errealitatea ertz ezberdinetatik begiratzea ona da.
Aisialdian zer?
Bizikletan ibili, urpean aritu… Motorra oso gustuko dut… Opakuan izan berri naiz, mendiko auto igoeran.
Arrasate da krisiak gutxien kolpatu duen herria.
Pozten naiz. Halere, 1.000 langabe daude eta hori ez da ona, baina horietatik 100 bakarrik dira inoiz lanik izan ez dutenak. Datu ona da. Langetubeei laguntzeko politikak bultzatu behar dira.
Ondo informatuta zaude?
Bai. Twitter, Facebook… Telebistako albistegiak ere ikusten ditut, batez ere, Teleberri, eta Tele 5 eta Antena 3-ekoak. Ez ditut gustuko Tele 5-eko programa asko. Discovery Chanel, berriz, piloa.
Egunkariak?
Nik ez ditut erosten, baina gure etxean egunero El Diario Vasco erosten da eta asteburuetan, gutxienez, bi: El Mundo… Gustuko dut hau, denei ematen dielako egurra.
Euskara?
Ikasi nuen txikitan eta uda batzuetan aritu nintzen ikasten, baina ez dut berbarik egiten, ulertu arren. Bestetik, politizatu egin da asko euskara. Ez dut hori gustuko. Alemana eta ingelesa menderatzen ditut.
Internet zertarako?
Erosketa asko egiten ditut Internetetik.