Alkategaiak ezagutzen

Juan Luis Merino: "Soziologikoki eskualdea berdina da eta guzti-guztiok ezagutzen dugu elkar"

Marijo Deogracias 2015ko api. 15a, 07:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | Añabarte baserrian jaio zen (Aretxabaleta, 1964), Eskoriatzan bizi da Juan Luis Merino eta Arrasateko hautagai (Arrasate Irabazi) izango da "Debagoieneko herri guztiak soziologikoki berdinak direlako". Azkeneko hiru agintalditan zinegotzia izan da Eskoriatzan. Erretiratzeko asmotan zen, Irabazi koalizioagatik izan ez balitz.

Elektronika ikasi zenuen eta Fagor Etxetresnetan bazkide izan zara. Gaur egun, berriz, Coprecin zabiltza.

Ozta-ozta libratu nintzen. Hilaren 1ean Coprecin hasi nintzen, aurretik leku aldaketa eskatuta nuelako, etxetik gertuago egoteko, eta hilaren 18an jakinarazi zen Fagorrekoa.

Eta, zer etorri zitzaizun burura?

Hasierako uff-aren segidan, nire lankide guztiak izan nituen gogoan; eta oraindik ere baditut, ze, kontua ez da amaitu. Are gehiago, sortzen ari diren lanpostuak ez dira kooperatibistek galdu zituzten baldintza berberetan. Raxoik dio azkeneko hilean 60.000 lanpostu sortu dituela, baina nolako enplegua? Hemen ere berdina gertatzen ari da, langileak badira, baina bazkideak ez.

Maiatzekoak ez dira zure lehenengo hauteskundeak. 2011ra arte EB-Berdeak legez aurkeztu zinen, gaur egun Ezker Anitza-IUn ari zara eta maiatzean Irabazi Arrasate koalizioan; hori sigla saltsa!

Ezker Batutik bereizi egin ginen ez ginelako ados Madrazo jaunak zeraman lan egiteko moduarekin, ez dugulako politika gu geu aberasteko tresna gisa ulertzen, baizik eta gizartearen alde lan egiteko. Desertu luzea zeharkatu dugu bitartean, baina bizirik gaude! Bestalde, betidanik izan naiz alderdi komunistakoa eta IU beti izan da gure marka.

Herria, baina, aldatuko duzu!

Ikuspegi kontua da. Soziologikoki eskualdea berdina da eta guzti-guztiok ezagutzen dugu elkar. Hondakinen mahaian parte hartzen dut Arrasaten, PAH Kaleratzeak Stop Arrasateko plataformaren bozeramailea naiz eta, bizi ere, bi urtez bizi izan naiz Arrasaten. Esan nahi dudana da kontua ez dela herrikoa ez izatea; Debagoienean batekoa edo bestekoa izan berdin dela pentsatzen dut. Gainera, Arrasaten afiliatuak ditugu eta Europako hauteskundeetan ia 500 boto bildu genituen, egitura falta zitzaigun herriko Ezker Batua apurtu zenetik, baina hori ere ari gara sortzen. Irabazi koalizio gisa aurkezten da eta koalizioak asanbladan erabaki du ni izatea hautagaia, erretiratzekotan nintzen arren.

Erretiratu, politika aktiboa utzi?

12 urte egin ditut Eskoriatzan zinegotzi, urte asko dira erakunde baten. Baina ezkerreko printzipioekin estuki lotuta sentitzen naizenez, ekitea onartu nuen.

Politikan segitzeko une egokia dela uste duzu, beraz?

Bai, bai. Jendeak adierazi duen korrupzioarekiko eta klientelismoekiko hasarreak animatu nau gehiago.

Betiko gorria.

Bazterketa sozialaren kontra gorria, etxeko kaleratzeen kontra lan egiten duen gorria… Arrasaten langabetuak 1.637 dira, Eskoriatzan 249, Aretxabaletan 327… Horrez gainera, ikusten ez diren zenbaki asko daude, hil amaierara iristeko larri dabilen jende asko dago.

Eta orain arte zer egin dugu bada? Ez ikusiarena?

Ezkutatu egin dira. Ongizate maila izan dugu, baina asko ari da jaisten. Adibide bat: Arrasaten ez da etxe kaleratzeez berba egin orain arte, baina egon egon dira lehen ere. Hilaren 15eko bilerarako bi kasu berri ditugu etxea ordaintzeko zailtasunekin. Jende horri guztiari laguntzeko lan egin behar dugu guztiok. Ezkerretik biltzen gaituzten guneak badira eta horiek landu behar ditugu, abertzale izan edo ez, batzen gaituzten horiek landu.

Udal hauteskundeak izan daitezke, beraz, horretarako aukera?

Bai. Herria gara eta herrigintza da landu behar dena.

Informazio zalea omen zara.

Irakurri batez ere digitalean egiten dut: kaosenlared.net, larepublica.es, granma.cu

Eta oposizioa ez duzu irakurtzen?

Ez daukat ohiturarik. Gainera, egunkari tradizionalak ez ditut ia irakurtzen. Nik badut nirea, El Mundo Obrero, langileen egunkaria. Tira, tabernetan Gara edo DV ere begiratzen ditut.

Eta, sare sozialetan aritzen zara?

Twitter utzi egin nuen denbora asko eskatzen duelako; Facebook erabiltzen dut gehiago, han banaiz aktiboa.

Whatsapp talderen bateko kide bazara?

Bat ez, hainbat. Gainera, bi telefono ditut, pertsonalaren zenbakia jende gutxiagok dauka, baina Gipuzkoako Ezker Anitzearen telefonoa beti ari da jotzen.

Politikaz gainera bestelako zaletasunen bat izango duzu ba!

Familiarekin egoten saiatzen naiz, bikotearekin eta seme-alabekin. Kanpinera joatea gustatzen zait. 20 urte badira Errioxako Navarrete kanpinean karabana zahar-zahar bat daukagula eta asko gustatzen zait hara joatea eta mahastietatik eta mendilerrotik ibiltzea; eta jakina, txakurra ateratzea, oso fidela da.

Tira, eta eztabaidatu ere ez dizu egingo!

Batzuetan bai, ez pentsa! Baina, ikaragarri gustuko dut berarekin pasiatzea.

Errioxara joanda, ardozalea ere izango zara, ala?

Ez dut alkoholik edaten. Agian 50 urte bete nituelako-edo, baina utzi egin nion alkohola edateari. Urtebete izango da honezkero. Gehiago zaintzea erabaki nuen.

Euskaraz moldatzen zara?

Nire aita euskararen gaian bisionarioa izan zen, hark esaten zigun euskara garrantzitsua izango zela eta trantsizioan, 14 bat urterekin, gau eskolara joaten hasi nintzen. Zoritxarrez, lan bila kanpora joan beharra izan nuen eta hainbat urte egin nituen kanpoan; utzi egin nion. Egia esateko biziraun behar izateak ez dit beste ezertarako denborarik utzi, sarritan eman arren izena euskaltegian. Hala ere, saiatzen segitzeko asmoa daukat, aitortuta ere hizkuntza ikasle oso txarra naizela.

Opariren bat egin beharko bazenu, liburua ala diskoa?

Biak, agian. John Reed kazetari eta aktibistaren Los 10 días que conmocionaron al mundo aukeratuko nuke oparitzeko eta musikari dagokionez, beti izan naiz rockzalea, ACDC, The Class, Leño, Coz, Asfalto… Belaunaldi horretakoa naiz. 80ko hamarkadan Arrasaten punka entzuten genuen, Gurea zinean hainbat jauzi egindakoa naiz. Eta, abesti onak ere oso gustuko ditut eta horregatik Pablo Ibañez ere izugarri gustatzen zait; Eskoriatzara ekarri genuen behin zuzeneko batera! Haren abestiak gaur egun ere indarrean daude, Don Dinero entzunez gero oiloipurdia jartzen zaizu!

Ea, busti zaitez. Zenbat boto eskuratzea espero duzu?

Ordezkaritza lortzea nahi dugu, gutxien dutenen ahotsa izateko, gure printzipioek eskatzen digutelako.

Erlazionatuak

Aurkeztu dituzte Irabazi ekimeneko alkategaiak

Amaia Txintxurreta Guridi 2015 mar 31 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak