Barandiaranek 2001ean, hil baino hiru urte lehenago –2004ko abenduan hil zen, 93 urterekin–, errementari tailerreko tresneria guztia Udalari eman zion oinordetzan, langintza horren memoria gorde eta zabal zezan: "Ezin dugu pasatzen utzi aukera hau eskerrak eman barik Bixente Barandiaran eta bere senideei eskuzabaltasunez herriari emandako ondare hau, Udalaren aldetik ahalegintzen ari garena merezi duen zabalkundea ematen", adierazi du Azkarragaurizarrek.
(Jone Uriarte, Inazio Azkarragaurizar eta Marga Garmendia erakusketaren berri emateko agerraldian)
Udalaren Industria Bilduma
Bixente Barandiaranen tailerreko bilduma ez da objektu multzo isolatu bat, Udalaren Industria Bildumaren baitan kokatu behar da. 1994an hasi zen Udala Industria Bilduma hau osatzen, herriko hainbat lantegiek emandako tresna, dokumentu eta objektuekin, kasu batzuetan ekoizpen sistemen eta produktuen aldaketen ondorioz, beste batzuetan, tamalez, lantegien itxierari lotuta. Horrela, herriko jarduera industrialaren memoria preserbatzea helburu, 7.500 elementutik gora jasota dauzka Udalak, era desberdinekoak: makinak, tresnak, erremintak, argazkiak, dokumentuak, eta abar. Horien biltegiratzeaz eta katalogazioaz arduratzen ari da ordutik.
Barandiaranena ere ez da edonolako bilduma, izan ere, 600 pieza baino gehiagoz osatuta dago, eta bertatik abiatu da Jone Uriarte, museogintzan aditua, erakusketa hau antolatzeko Udalak kontratatu duen arrasatearra.
Erakusketak, lau atal
Bixente Barandiaran Balanzategi, Mentu, (1911-2004) Arrasatek izan duen azken errementaria izan zen. Marko-Etxebarri baserrian kokatuta zuen bere sutegitik ia mende erdiz aritu zen dinbi, danba mailuarekin burdin goriari forma emanez. Arrasatear asko izan dira, urteak joan urteak etorri, bere tailerretik pasa direnak, Mentu-k beraien tresnak zorroztu, ganadua perratu eta etxeko tresnak egin zitzan.
Erakusketak lau atal izango ditu. Lehenik Mentu ikuspegi gertuago batetik ezagutu eta XX.mendeko Arrasateko testuinguru nahasian kokatzeko aukera egongo da denbora lerro baten bitartez. Erakusketaren elementu zentrala sutegia izango da, izan ere, horren inguruan garatzen zen tailerreko lan prozesu guztia. Perratzaile ofizioaren nondik norakoak ere aurkeztuko dira. Azkenik, tarte berezi bat eskainiko zaio Arrasaten hainbat mendez hain garrantzitsua izan zen metalgintzaren industriari, bide batez Barandiaranen ofizioaren antzinatasuna agerian uzteko eta Arrasateko industria garaikidearen sustraiak nondik datozen ikusteko.