Arrasateko EAJko alkategai Maria Ubarretxenak prentsa agerraldia egin du gaur, martitzena, herriko eragileekin zein herritarrekin irekitako parte hartze prozesuaren gaineko balorazioa egiteko: "Balorazio oso positiboa egiten dugu, 500 ekarpenetik gora jaso ditugu-eta. Horrek adierazten digu arrasatearrek iritzia eman eta parte hartu gura dutela".
Arrasatearren aldetik jasotako ideiak, proposamenak, iradokizunak eta kexak eskertu ditu Ubarretxenak eta nabarmendu du Arrasateko herriak bereziki erantzun duela ondo: "Biztanle eta ekarpen kopurua kontuan hartuta, Arrasate izan da oso erantzun ona izan duen herria".
Trafikoa eta aparkalekuak
Hasteko, trafikoan eta aparkalekuen arloan hainbat ekarpen jaso dituzte jeltzaleek prozesuan irekitako komunikaziorako bide ezberdinetan: "Espaloietatik automobilak kentzea, Arrasate pasealekua erabat ez ixtea, Laubideko aparkalekuak irekitzea eta erdigunean TAO jartzea".
Hondakinei dagokienez, Ubarretxenak azpimarratu du jasotako ekarpenen ia %100ak defendatu duela bosgarren edukiontziaren sistema. Era berean, baina, herria oso zikin dagoela diote herritarrek, batez ere hormetan, eta txakur kakak ere ekarpen askotan aipatu direla ere adierazi du.
Haur parkeak estaltzea
Bestalde, aisialdiaren arloan honakoa izan da proposamen errepikatuena, jeltzaleen arabera: "Proposamen pila batek eskatu digute haur parkeak estali egin behar dira, eguraldi txarra egiten duenean ere haurrek izan behar dutelako non jolastu".
Horrez gain, Musakolako kiroldegiko instalakuntzak berritu egin behar direla eta herriko kirol klubekin Udalak izan behar duen harremana hobetu behar dela ere nabarmendu dute jeltzaleek ekarpenen artean.
Gainera, Ubarretxenak esan du arrasatearrek politikarien arteko akordioari balio handia ematen diotela: "Orokorrean politikan ari garenoi akordioa eskatu digute herritarrek; akordioaren baitan lan egiteko eta ea akordio gehiago lortzen diren udal talde guztien artean".
Prozesua zabalik oraindik
Bestalde, EAJko alkategaiak esan du bere taldea proposamen guztiak aztertzen ari dela, Arrasaterako proiektua ekarpen horiekin aberasteko. Herritarrekin elkarlanean programa eratu eta elkarrekin etorkizuna eraiki gura dute eta horretarako parte hartze prozesua oraindik zabala dagoela jakinarazi dute.