"Desgobernua" eta "inposizioa" egotzi dizkio Arrasateko PSE-EEk Bilduren Udal Gobernuari

Txomin Madina Milikua 2015ko mar. 5a, 18:10

Oscar Gartzia Arrasateko alkategai sozialistak Bilduren Udal Gobernuaren agintaldia baloratzeko eta etxez etxe banatuko duten kuadriptikoa aurkezteko agerraldia egin du. Gartziak gogor kritikatu ditu hondakinen mahaiak lortutako akordioa eta Arrasate pasealekua kale bihurtzeko lanak.

Adierazi duenez, Bilduk Udal Gobernuan daramatzan lau urteak "hondamendia" izan dira. Bere esanetan, kudeaketa txarrak herriaren atzerakada ekarri du; era berean, salatu du Udal Gobernuak inprobisatu egiten duela, eta herritar guztientzat beharrean, lagun eta bezeroentzat gobernatzen duela.

Hitz gogorrak izan ditu baita ere hondakinen mahaiak lortutako akordioari buruz berba egiteko orduan. Gartziak birziklatzera eta bosgarren edukiontzia erabiltzera animatu ditu herrikideak, baina esan du bosgarren edukiontzia jartzeak, berez, atez atekoa jartzea esan gura duela: "Hondakinen mahaiak esan du atez atekoa jarriko dutela ez badugu lortzen %70eko birziklapen tasa. Gogoratu behar da  EAJk babestu egin duela erabaki hori".

Atez atekoaren kontra herrian batu ziren 7.000 sinadurak ekarri ditu gogora Gartziak, eta gaitzetsi egin ditu bere hitzetan Udal Gobernuak aldebakartasunez ezarritako inposizioak direnak.

Desgobernua eta kudeaketa falta ere salatu ditu: "Desgobernuak ekarri duena da gure azpiegiturak gaizki egotea; herria zaborrez beteta egotea; jendea lan barik egotea... Ez dute inposizioa ez den ezer er egiten". Inposizio horren adibide jarri ditu Arrasate pasealekuko lanak: "Oinezkoentzat egitea inori ezer esan gabe hasi du Bilduk, gauetik goizera, alebosiarekin eta modu txarrean. Arrasaten ez dugu lekurik, eta justu lekua dagoen toki horretan beste gauza batzuk egin daitezkeela uste dugu".

Alkategai sozialistak iragarri du  datozen egunetan kuadriptiko bat banatuko dutela etxez etxe herritarrei Bilduren "kudeaketa faltaren" berri emateko.

Zerrendan, gehienak berriak

Gartziak esan du herritarrek indar nahikoa ematen badiote, Arrasate erreferente izateko lan egingo duela.

Udal hauteskundeetara begira, sozialistek prest dute Arrasaten  aurkeztuko duten zerrenda. Orain, baina, Gipuzkoako eta Espainiako batzordeen onarpenaren zain daude. Aurreratu dute, hori bai, zerrendako izen gehienak berriak izango direla, eta lehen bost hautagaien artean, hiru Gazte Sozialistetatik datozela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak