Enpleguaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena izan arren, Fagor Etxetresnen itxierak eraginda iaz abiatutako enplegu planarekin jarraituko du Arrasateko Udalak. Planaren balorazioa egiteko prentsa agerraldian Inazio Azkarragaurizar alkateak gogora ekarri du 2014ko aurrekontuan 350.000 euroko partida bat sortu zela enplegua sustatzeko. Aurten ere antzeko kopurua bideratuko dela adierazi du eta baita lan ildoak zeintzuk diren gogora ekarri ere: titulatu berriendako bekak, Udaleko langabeen kontratazioa, enpresei laguntzak langabeak kontratatzeko eta Lanbai azoka.
Balorazioa ona
Enplegu planak Arrasateko 59 langabeengan eragin du zuzenean. Horietatik 47 lan kontratu sustatu ditu Udalak eta 12 beka eman ditu. Hor ez dira kontatzen Lanbai azokaren ondorioz lana aurkitu dutenak, eta hori guztia kontuan hartuta, balorazio ona egin dute: "Harro gaude Arrasaten modu xumean enplegua zabaltzeko bidea egin dugulako, eta ziur nago beste udalendako eredu izango dela", adierazi du Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek.
Lan ildoei dagokienez, goi titulatu berriendako bekek hasieratik sekulako arrakasta izan dutela diote; 12 beka banatu dira beste horrenbeste proiektutarako.
Bigarrenez, Udalak hainbat perfiletako 35 langile kontratatu ditu aldi baterako. Hirugarren ildoak, enpresetan langabeak kontratzeko laguntzenak, ez du esperotako erantzunik izan oraingoz: "Aipatzekoa da espero genituenak baino enpresa gutxiagok hartu dutela parte. Akaso, ibilbide luzeagoa behar du ekimenak enpresen artean ezagunagoa egin dadin", esan du Enplegu eta Garapen Saileko teknikari Marga Garmendiak.
Amaitzeko, MU-rekin batera antolatu zen Lanbai azoka ere positiboa izan zela uste du Arrasateko Udalak. Iazko ekainean egin zen azoka horrek 800 bat bisitari izan zituen.
Elkarlana, "gakoa"
Arrasateko Udalak nabarmendu du MU-rekin, Saiolanekin eta herriko enpresa pribatuekin izandako elkarlana izan dela planaren gakoa. Oraindik ez dute 2015erako enplegu plana zehaztu eta dena lotzen dutenean, emango dute horren berri. Arrasateko azken langabezia tasa %15,53koa da, eskualdeko altuena.