Klaustroetan gaurtik Arrasateko 12 emakume sortzaileren erakusketa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko mar. 2a, 06:00

Hamabi sortzaile; Arrasatekoak eta gazteak; emakumeak; eskultura, margolan eta bestelako arte diziplinak; horiek guztiak batzen ditu ARTEAN, hamaika emakume artista egitasmoak.  Ekin Emakumeek proposatuta erakusketa egingo dute Kulturateko klaustroan martxoaren 28ra bitartean. Egubakoitzean egingo dute inaugurazio ekitaldia, 18:30ean. 

Miren Barrenetxeak eta Maddi Urizarrek jardun dute komisario lanetan. "Gertuko sortzaileengana jo genuen lehenengo eta sarea osatuaz joan gara elkarrekin. ARTEAN norberaren lanak erakusteko aukera bat baino gehiago dela ulertu dugu guztiok. Lanak estreinakoz erakutsiko dituztenak daude, baina baita artea ofizio dutenak ere", dio Urizarrek.

Oihalak, egurrak eta askotariko objektuekin egindako lanak badoaz Kulturateko klaustroan tokia hartzen. Artista bakoitzak aukeratu du zenbat lan eraman eta zelan aurkeztu horiek. Lurrean etzanda daude batzuk, paretan eskegita ere bai, edota mahai baten gainean. Ezagun da mimo handiz egin dutela lan. Jaioterrian erakutsiko dute astelehenetik aurrera; ez dute baztertzen, baina, kanpora ere eramatea.


ARTISTAK

Amaia Albes Garitano

Moda diseinatzaile ezagunak, bolumenari garrantzia emanda, diseinuaren beste begirada bat erakutsi gura du. XVIII. mendeko soinekoa aukeratu du. Egitura gogorraren eta oihal bigunen arteko kontrastearekin, egiturak oihala menperatzen duela erakutsita. 

 

Amaia Arantzabal Uriarte

Eskulturatik eta margotik dute Bartzelonan bizi eta diseinu ikasketak egiten diharduen artistaren lanek. Denboraren joana eta naturaren eboluzioa azaldu ditu enbor eta triangeluekin. Zuhaitzen eraztunak historiaren eta hazkuntzaren adierazgarri dira eta triangeluak, berriz, bilakaera eta dinamismoaren ikur. 

 

Helena Azkarragaurizar Jauregi

Mexiko Hirian bizi da. Arte Ederren ikasketa garaiko eskultura eta ilustrazioak erakutsiko ditu. Gorputza eta haren bilakaera, moda, nortasuna, egunerokotasuna, landu izan ditu. Askotariko materialak erabili ditu: egurra eta oihalak, besteak beste. 

 

Miren Barrenetxea Iñarra

Arte Ederrak ikasita, argazkilaritza ikasten ari da egun Madrilen. Erakusgai dituen eskulturak eta margolanak intuizio eta bulkadetatik abiatukoak direla dio. Gorputzarekin margotu ditu, performance-a balira bezala, mihisearen gainean dantzan. Azken emaitzaz gainera, lan egiteko prozesua ere erakutsiko du bideoan.

 

Euri Bruña Iturbe

Taldeko gazteena, Arte Ederretako ikaslea. Hainbat teknika eta baliabideren esperimentaziotik sortutako marrazkiak erakutsiko ditu. Kearekin, suarekin, urarekin eta argizariarekin egindako lan txiki eta intimoekin, ikusleen sentsazioak azaleratzea du helburu.

 

Lexuri Doyague Loiti

Eskultura eta grabatuetan espezializatuta, pintura masterra bukatzen ari da orain. Ustekabea eta txiripa direla dio Kulturatera eramango dituen lanen oinarria. Eskultura arloan, oldarkorra da duen teknika; oso delikatua eta fina, berriz, margotzerakoan.

 Oihana Garro Larrañaga

Eskultura alorrean doktorea, Arte Ederretako irakaslea da Leioan. Tesiaren lan materiala erakutsiko du. Bi zati dituen Urretue bilduma dakar: Mikro-urretue, familiaren zatiketari buruzkoa, eta Makro-urretue, berriz, AHTren eraginak jasotzen dituena. 

Araitz Perea Kortabarria

Haurren margo irakaslea da Kulturaten. Bizipenetan oinarritutako margolan koloretsuak aukeratu ditu erakusteko; familia, herria, eta paisaiak jaso ditu horietan. Bat-bateko lanak dira, egilearen esanetan, bere izaerarekin bat datozenak. 

 

Maddi Urizar Altuna

Santa Barbara parkean egindako interbentzio galkorren argazkiak erakutsiko ditu pinturan espezializatutako artistak. Egindakoaren dokumentaziorako tresna izateaz gainera, lurraldea eta gorputza leku bihurtzen diren modua eta unea harrapatu gura dituela dio. 

 

Eluska Zabalo Monje

Betidanik margotu izan du, azkenaldian grabatuak lantzen dituela gaineratu badu ere. Bilboko La Taller eta BilbaoArte Fundazioa izan ditu, besteak beste, lantoki. Paisai alderraiak egitasmoko lan sorta bat dakar; egilearen esanetan, paisaia erreferente-euskarri moduan hartuta, lerroa eta forma ustiatzeko proposamena dena.

 

Alazne Zubizarreta Montero

Pintura espezializazioa egiten ari da egun, Leioan. Absurdoari eta barne gatazkei buruzko animaziozko lan bat erakutsiko du, batetik; baina hainbat marrazki ere bai. Gorputza eta paisaia gaitzat hartuta, trazu landua duten irudiak dira. 

 

Jone Zubizarreta Untzueta

Azkeneko urteetan artelanak alboratuta izan dituen artistak askotariko irudi eta objektuekin osatutako obra erakutsiko du. Horiek guztiek osatutako mapa kontzeptual bat dela dio; hau da, bere buruan dagoen sarea azaleratu gura izan duela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak