Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Alberto Unamunzaga: "Herritarrek erabakitzen dutenarekin bat egingo dugu"

Maialen Torres 2015ko ots. 26a, 12:52

Euskal herritarrek euren etorkizuna erabaki ahal izateko eta "erabakitzeko eskubidea praktikan jarriz" aurrera egiteko asmoz, EH Bilduk Euskal bidea izeneko egitasmoa jarri du martxan. Atzo, Maite Ubiria EH Bilduko nazioarteko arduraduna eta Alberto Unamunzaga Amaiurko senataria arrasatearrekin elkartu ziren, egitasmoa eta euren proposamena azaldu, eta ondoren ekarpenak jasotzeko. Eskubide sozialak, ekonomia eta independentzia izan zituzten hizpide, besteak beste.

"Garai batean, uste genuen nazioartetik edo estatuetatik burujabetzaren aitortza etorriko zitzaigula, baina orain dioguna da, erabakiz erabaki, erabakitzeko ahalmena berreskuratu behar dugula", dio Ubiriak. Gaineratu du, ordea, horretarako, "herritargo aktibo bat" ezinbestekoa dela, baita herritarrek "euren buruaren jabe izateko urratsak ematea" ere.

Hain zuzen, urrats horiek elkarrekin emateko asmoz bildu ziren atzo herritarrekin Ubiria eta Unamunzaga, Arrasateko Kuturateko areto nagusian. Izan ere, Euskal bidea izeneko egitasmoa jarri dute martxan, eta atzoko saioa egitasmoaren berri emateko baliatu zuten.

Euskal Herritar guztien eskubide sozial, kultural eta ekonomikoak bermatzeko helburuz, "herritarrei hitza eta erabakia ematea" oinarri duen egitasmoa dela azaldu zuten. EH Bilduren ustez, helburu horiek lortzeko aukerarik onena Euskal Estatua da, "lurralde guztiak bateratzen dituen euskal errepublika da proposatzen duguna" baieztatu zuen Unamunzagak.

Eskualdez eskualde dihardu EH Bilduk proposamena aurkezten, eta atzo saio berezia egin zuten eskualdeko eragileen artean, kazetari batek bideratuta. Goienako Jon Berezibar kazetariak jardun zuen hizlariak elkarrizketatzen eta entzuleen galderak bideratzen.

EH Bilduren proposamena

Proposamenaren testuingurua "Euskal Herrian zein kanpoan gertatzen ari diren aldaketen garaia" dela esan dute. Batetik, azaldu dute Euskal Herriari eragiten dioten marko administratiboetan agorpen zantzuak ikusten dituztela, "Nafarroan erregimena erortzear dago, EAEn denok ikusten dugu gehiengo zabal batek erabakitzeko ahalmena jasoko duen estatus berri bat eskatzen duela eta ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan, lehen aldiz, aukera bat zabaltzen da behin behineko erakundetze prozesu bati ekiteko", dio Ubiriak.

Bestetik, nazioartera begira jarrita ere, uste dute euren proposamena garai egokian datorrela, Ubiriaren esanetan, burujabetzaren eztabaida Europako agenda politikoan kokatu delako, eta aldaketa sozialerako "haize berriak" datozelako, besteak beste, Greziatik.

Argi dute, ordea, auren proposamena abiapuntua baino ez dela, eta herritarren ekarpenen bidez eraikiko dutela jarraitu beharreko bidea. "Herritarrek erabakitzen dutenarekin bat egingo dugu" ziurtatu du Unamunzagak, eta salatu du Euskal Herrian "demokrazia falta" dagoela.

Kafearen aitzakian, eztabaida

Elkarrizketaren ostean, herritarrek aukera izan zuten kafe baten bueltan Ubiriak eta Unamunzagak esandakoa eztabaidatzeko eta ideiak trukatzeko.

Kafearekin amaitutakoan, berriz, herritarren galderen tartea iritsi zen, eta bertaratu zirenek, besteak beste, jakin nahi izan zuten, balizko independentzia egoera batean, euskal estatua nola artikulatuko litzatekeen, baita arlo sozialean zein ildo jarraituko liratekeen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak