Bixente Atxa: "MU-ren proiektua indartsua da; gogotsu, ilusioz eta errespetuz ekin diot"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko ots. 22a, 00:01

Urtarrilean hartu zuen Mondragon Unibertsitateko errektore kargua Bixente Atxak (Oñati, 1966). Goi Eskola Politeknikoa zortzi urtez zuzendu ostean MU-ko aurpegia izango da eta badaki hori "erantzukizun handia" dela. Hala ere, "modu naturalean" hartu du kargua eta ziur dago haren aurreko Josu Zabalaren ondoan egon izana "oso lagungarri" izango zaiola. Estreinatu berri duen errektore bulegoan hartu du Atxak Goiena; kargua hartu berri duenez, epe hurbileko erronkez aritu da bereziki. 

Hilabete eskas daramazu errektore postuan. Nolako hasiera izan da?

Modu naturalean ekin diot errektore karguari. Aurreko errektore Josu Zabalak kargua utzi aurretik hiru hilabete egin genuen batera lanean, kargua ezagutzeko. Azken zortzi urteetan Goi Eskolako zuzendaria izan naiz eta horrekin batera Mondragon Unibertsitateko zuzendari batzordean ere egon naiz. Hortaz, ezagutzen nuen nahiko ondo unibertsitatearen erronkak, proiektu estrategikoak... Errespetu eta ilusio handiarekin hasi naiz errektore moduan. 

Josu Zabalaren laguntza ezinbestekoa izan al da? 

Oso lagungarria izan da, zalantza barik. Bereziki azken hiru hilabeteetan Josuren ondoan ezagutu ditut MU-ren proiektua garatzeko oso interesgarriak diren erakunde eta eragileak. 

Gogotsu erronka berriari aurre egiteko? 

Bai, beti ilusioarekin eta gogotsu. MU-rena oso proiektu polita eta indartsua da eta halako proiektuen aurpegia zarenean gogoa barrutik irteten zaizu. 

Zeintzuk dira MU-ren erronka nagusiak epe hurbilean? 

Duela bi urte onartu zen 2013tik 2016rako proiektu estrategikoan jasotzen dira gure erronka nagusiak. Batetik, hezkuntza eredua indartzea eta egokitzea gura dugu; hori da gure misioa, hezkuntza eredu on bat zehaztea, gure ikasleak prestakuntza on batekin irten daitezen, ikasgelatik lanerako prest.

Bigarren erronka da gure ikerketaren eta transferentziaren aktibitatea orekatzea; arlo guztietan garatzen dugun ezagutza derrigorrez eman behar diogu gizarteari eta enpresei. Gizarteari, gizarte on bat garatzeko misioa dugulako eta gure enpresei, lehiakorrak izan daitezen laguntzeko. 

Hirugarren erronka da nazioartekotzea. Zertarako? Batez ere, MU gero eta nabariagoa izan dadin Euskadin zein nazioartean. 

Zertan da ezberdina MU beste unibertsitatean ondoan? 

Hainbat esparru aipa nitzake baina nabarmenduko nuke kanpora joan eta galdetzen dudanean jaso ohi dudan erantzuna. Enpresa munduarekin dugun harremana estua eta oso berezia dela diote eta hori kanpotik ikusten dela; ez naiz bakarrik Mondragon Taldeko enpresez ari, baizik eta Euskadiko edozein enpresarekin.

Aipatzen didaten beste berezitasun bat da gureak oso ikasketa praktikoak direla. Era berean, esan dezaket ikasleekin dugun harremana orokorrean ezberdina dela beste unibertsitate batzuetan ematen denarekin alderatuz. 

Zer paper jokatzen du MU-k balio kooperatibisten hedakuntzan? 

Gure organoetan ikasleek erabakia dute. Errektore kontseiluan bai, baina baita batzar nagusian ere. Hor ikasleek ikusten dute benetan kooperatiba bat nola egikaritzen den, eta nola zehazten diren kooperatiba baten erronkak, esaterako. Hori da adibide onena ikusteko kooperatiba baten zer egiten den. Bestalde, hezkuntza ereduan lantzen ditugu talde lana, konpromisoa, erabaki ahalmena... Hemendik irteten diren ikasleek akaso ez dute industria-kooperatiba bat gertutik ezagutuko, baina bai bizi direla ohiko kooperatiba baten balioez inguratuta. 

Ezer gaineratu gura duzu? 

Ilusio eta errespetu guztiarekin hartu dudala errektore kargua. Badakit lan handiarekin ibiliko naizela, bakarrik behar dut zorte pixka bat. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak