Arrasatearrak "gertu" hondakinekin ohiturak aldatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko abe. 5a, 08:00

Urtarrilean jarriko da martxan Arrasaten hondakinak biltzeko bost edukiontziko sistema berria. Hondakinen Mahaiak lortutako akordioak bederatzi hilabetetan gutxienez %70eko bilketa selektibo maila lortzea jasotzen du –bestela atez atekoa jarriko da–, eta horretarako "gakoa" organikoa ondo bereiztea dela uste dute. Emaitza horietara heltzeko "bitarteko guztiak" jartzen ari da Hondakinen Mahaia: baliabide teknikoak, informazioa, kontzientziazioa eta formazioa.

Bitarteko horiek guztiak auzorik auzo ari dira zabaltzen, hondakin bulego ibiltariekin, hitzaldi informatiboak ematen eta material kitak banatzen: etxe bakoitzari errefusarendako ontzi grisa, hondakin organikoarendako ontzi marroia, edukiontzi marroia zein grisa zabalduko dituen txartela, poltsa konpost-garriak –izan ere, organikoa botatzeko ezingo da plastikozko poltsarik erabili–, eta edozein zalantza argitzen lagunduko duten hondakinen gida eta hiztegia.  

Hitzaldiak eta bulego ibiltariak

Hitzaldiak egin dira Musakolan, Santamainan, San Andresen eta erdialdean –eguaztenean egin zuten lehen hitzaldia Kulturaten– eta bulego ibiltaria asteon Etxaluzen egon da –bigarren hitzaldia abenduaren 9an egingo dute–, San Andresko bizilagunendako. Abenduaren 9tik 12ra Kulturaten egongo da bulego ibiltari hori erdialdeko bizilagunendako eta abenduaren 15etik 19ra, berriz, Iturripeko kiroldegian jarriko dute bulegoa, Uribarriko eta Erguingo bizilagunendako. Uribarrin eta Erguinen bizi direnendako hitzaldia abenduaren 10ean egingo da Arizmendiko Arimazubi gunean –lehengo San Viator txiki. Euskarazko saioak 18:00etan izango dira eta gaztelerazkoak, aldiz, 19:30ean. Hondakinen Mahaiko kideek eta Mankomunitateko informatzaileek emango dituzte azalpenak. 

Zalantza zehatzak, orokorrean

Bulego ibiltari horietan, material kita jasotzeaz gain, herritarrek zalantzak argitzeko aukera dute: "Zalantza zehatzak dira askok dituztenak, hau da, material konkretu bat ze edukiontzitara bota behar duten galdetzen digute. Horrez gain, galdera nahiko arruntak dira sistema berria noiz jarriko den martxan, edukiontziek ordutegirik izango duten, edota txartela galdu edo apurtu ezkero zer egin behar den", adierazi du hondakinen bulego ibiltariko informatzaile Haizea Agirrek. Bada, galdera horiendako erantzunak honakoak dira: dena ondo bidean urtarrilean jarriko da martxan sistema berria, edukiontziek ez dute ordutegirik izango eta galdutako edo apurtutako txartelak BAZeko hondakinen informazio bulegoan eskuratu ahalko dira.   

Hitzaldietan, "gainezka" 

Orain arte egin diren hitzaldietan "herritar mordoa" egon da, Agirreren arabera: "Ez genuen horrenbeste jende espero, gainezka ibili gara. Santamainan eta San Andresen egindako saioak berriro egin dira jendea kanpoan geratu zelako. Dirudienez, interes handia piztu du gaiak". Herritarrak sistema berrira ohitzeko jarrera erakutsi dute, Agirreren arabera: "Beti dago baten bat kexatzen dena, baina orokorrean herritarrak gertu daude, ez diote zailtasun berezirik ikusten. Izan ere, nahiko sinplea da, edukiontziak dira eta ez dute ordutegirik. Orain arte etxean ondo sailkatu duenak ez du aldaketa handirik igarriko: lehen zaborraren edukiontzira botatzen zuena bitan berezitu beharko du, besterik ez".  

Amaitzeko, Hondakinen Mahaitik eskatu dute edukiontzien kanpoan ez uzteko ezer ez: "Arrasate garbi bat gura badugu edukiontzi barruan bota behar dira hondakinak, frakzioa edozein dela ere". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak