Fagor CNA Groupeko arduradunek bideragarritasun plana, enpresaren egungo egoera eta etorkizunerako proiektuak partekatu dituzte gaur goizean Arantza Tapia Ekonomia sailburuarekin. Bileraren ostean, poza azaldu dute guztiek. Poza, FAGOR produktu berriak egiten hasi delako, eta poza, hiru lantegitan, Bergaran, Eskoriatzan eta Garagartzan, dagoeneko produkzioa hasita dagoelako. Bergaran gas berogailuak egiten dihardute, Eskoriatzan etxeko tresneria eta garagartzan dago egosketa-puntua.
Ekoizpena bikoiztea, asmoa
Urriaren 6an hasi ziren berriz ere lanean Eskoriatzako lantegian eta handik aste betera egin zuten Garagartzakoan. Hilabete eta erdira, 155 langilek dihardute une honetan Garagartzan, labeak eta plakak egiten eta esandako moduan, 2015eko lehen hiruhilabetean hasiko dira garbigailuak egiten. Une honetan, 200 laba eta 300 plaka egiten dituzte egunean garagartzan eta asmoa da martxora bitartean, ekoizpen hori bikoiztea. Aipatutako garagartzako lantegiko 155 langileei gehitu behar zaizkie Bergarako Geyserren diharduten beste 124 langile.
Zuzendari kataluniarrak, "harro"
CNAko zuzendari Jorge Parladék eta Francisco Martinek azaldu dute, hartzekodunen konkurtsotik urte betera, Fagor jada CNA Groupeko kide dela eta dagoeneko produkzioaren unitateen zatirik handiean martxan dagoela. Zuzendari kataluniarrak harro agertu dira aurreikusitako epeak bete izanagatik eta Fagor berriz ere mundu mailako erreferente izan dadin lan egingo dutela adierazi dute.
Basauriko lantegiaren etorkizunaz
Bestetik, CNAko zuzendariek azaldu dute, Edesaren Basauriko lantegia martxan jartzeko kostuen eta errentagarritasunaren gaineko azterketak egiten dihardutela eta oraindik ez dutela Basauriko lantegiaren gaineko erabakirik hartu. Gaineratu dute, Bizkaiako lantegia berriz zabaltzearen alternatiba litzatekeela termo elektrikoak Bergaran edota garagartzan egitea, esaterako.