Atzo onartutako planaren hasierako agiri honetan proiektu gehiago sartu baino, lehendik zeuden beste batzuk kendu direla zehaztu zuen Joxe Etxeberria, Hirigintza zinegotziak. Horrela, adibidez, Garagartzan lehengo planean etxeak egiteko aukera zegoen, eta oraingoan ez. Edo Udalara bidean zegoen urbanizazio plana aldatu egin da. "Garai bateko plan hedakor horiek arrazionalizatu egin dira", esan zuen Etxeberriak. Hirugarren sektorea bultzatzeko edo ingurumena babesteko hainbat aldaketa ere sartu direla gaineratu zuen.
Etxeberriak gaineratu zuen herritarren alegazioak eta aholku kontseiluak eginiko txostena oso kontuan izan dituztela plan orokorreko agiria prestatzerako orduan.
Herritarren parte-hartzea
Bada, atzo onartutako planaren hasierako agiria jende aurrean jarriko da interesa duten pertsona eta elkarteek aztertu eta alegazio idatziak aurkez ditzaten. Alegazioak BAZen egin ahal izango dira 2015eko urtarrilaren 27ra arte. Bestalde, nahi duenak ikusgai izango du agiria udaletxeko hirigintza sailean eta udalaren webgunean. Horretaz gain, urtarrilean plan orokorraren erakusketa egingo da Kulturaten (urtarrilaren 8tik 22ra).
Aholku kontseiluak ere aztertuko du dokumentua. Horrela, berriz elkartzeko deia egingo zaie. Kontseilua gizarteko hainbat arlo ordezkatzen dituzten pertsonekin osatuta dago (gazteak, erriratuak, ezinduak...).
Aurrekariak
2011ko azaroaren 8an egindako bilkuran udal plenoak plan orokorraren aurrerapen agiria jende aurrean jartzea erabaki zuen, 2012ko otsailaren 15era arte. Tarte horretan interesatuek iradokizun idatziak aurkeztu zituzten udaletxean. Era berean, udal planeamenduaren aholku kontseiluak aztertu zuen agiria. Aholku kontseiluak, agiria aztertu ondoren, txosten bat idatzi zuen bere ondorioekin eta Udalari helarazi zion. Udal plenoak, 2013ko urtarrilaren 15ean egindako bilkuran, aurkeztutako iradokizun idatziei erantzuna eman zien eta plan orokorraren dokumentua idazteko irizpideak finkatu zituen. Honetarako, aholku kontseiluak egindako txostena hartu zuen oinarri eta, orokorrean, hark esandakoak bereganatu zituen Udalak. Irizpide horiek jarraituz, udaletxeko zerbitzu teknikoek plan orokorraren agiria prestatu dute eta orain plenoak hasiera baten onartu du.
Egiteko falta den bidea
Oraindik bidea jarraitu behar da plan orokorra behin betikoz onartu eta indarrean sartzeko. Laburbilduz, pausoak honakoak dira: hasieran onartu eta jende aurreko epea igaro ondoren, aurkezturiko alegazioei erantzunak prestatuko ditu Udalak, eta behin-behinekoz onartuko du plana. Ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeari (COTPV delakoa) eskatuko dio txostena. Txosten hau jaso ondoren, hala badagokio, udal plenoak behin betikoz onartu ahal izango du plan orokorra. Hori hurrengo agintaldi hasieran izango dela uste dute.