"Feminismoa eta euskalgintza baztertzailea den ereduari aurre egin beharrean daude"

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko urr. 31a, 14:02

Feminismoa eta euskaltzaletasunari buruzko mahai-ingurua egin zen atzo, eguena, Arrasateko Kulturaten. Eskubideen inguruko mahai-ingurua izan zen eta bertan izan ziren hiru hizlariek salatu zuten bazterketa egoera batean bizi direla bai emakumeak eta baita euskara ere. Egoera horretatik irteteko estrategiak partekatu egin beharko liratekeela ere adierazi zuten. Emakume Txokoa, Emun, Ekin Emakumeak, AED eta Goiena izan ziren antolatzaileak.

Izan zaitezke feminista, euskaltzale izan gabe? izenburu horixe zeukan atzo, eguena, Arrasateko Kulturaten egin zen mahai-inguruak, eta hain zuzen ere, galdera horretxekin eman zioten hasiera saioari. Hauxe adierazi zuen, besteak beste, Idurre Eskisabel kazetariak eta EHUko irakasleak: “Erantzuna orokorra eta lehenengoa da baietz; badaude hainbat feminista hemen Euskal Herrian feminista direnak eta euskaltzale ez direnak, eta gainera, nik ezin diet ukatu feminista izaerarik. Beste gauza bat da nire erantzuna eta niregan euskaltzale izatea eta feminista izatea, eta feminista izatea eta euskaltzale izatea, elkarrekin doaz”.

Bai feminismoak eta baita euskaltzaletasunak ere komunean hainbat elementu dituztela gaineratu zuen Ainhoa Beola politikariak: “Feminismoan dihardugunok eta euskalgintzatik gatozenok komunean hainbat elementu ditugu eta da baztertzailea den eredu bati aurre egin beharrean aurkitzen garela; euskalgintzari dagokionean baztertzaile nabarmena den gaztelerazko eredu linguistiko bati aurre egin beharrean aurkitzen gara, eta feminismotik gabiltzanon aldetik ere, jendarte eredu erabat patriarkalari aurre egin behar diogu”.

Hori guztia, azken finean, justizia sozialaren gai bat dela adierazi zuen Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirrek: “Azken finean justizia sozialaren gai bat da. Esan nahi dut injustizia bat dago, menpekotasun bat dago beste alor batzuetan bezala. Eta azken finean politika zer da? Injustizia sozialak gainditzeko bideak eta bitartekariak jartzeko sistema bat. Orduan nik uste dut injustizia sozialaren eta demokratikoago izate horretan, filosofia horren baitan, txertatzen direla bai hizkuntzaren berreskurapena eta baita ere emakumeen berdintasuna ere”.

Bai emakumeak eta baita euskara ere baztertzailea den eremu horretatik irteteko, argi zuten mahai-inguruko hiru hizlariek estrategiak partekatu egin behar direla arlo, elkarte edo kolektiboen artean eta lanean jarraitzearen beharra azpimarratu zuten.

Mahai-ingurua Emakume Txokoak, Emunek, Ekin Emakumeak-ek eta Goienak antolatu zuten eta amaieran bertaratutako herritarrek euren kezkak argitzeko aukera ere izan zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak