Arbola urriaren 22an bota behar zuten, baina omenaldiagatik atzeratu egin dute: "Zinegotzi bati galdetu nion ea posible zen atzeratzea eta baietz, omenaldia gure kontu joateko baldintza bakarrarekin". Txalapartariak eta txistulariak, aurreskua eta hitz batzuk eskaintzea da omenaldia antolatzen dihardutenen asmoa: "Gizon batek galdetu dit ea lore eskaintza egin diezaiokeen. Erantzun diot baietz, baina lore gorriak badira bakarrik", adierazi du Ugaldek umoretsu.
"Arbolapetarik ez du zentzurik izango zuhaitzik gabe"
Arbola bota ostean, beste bat jarri behar dutela uste du Ugaldek: "Oraingoa kendu egingo da, sustraietatik. Zazpi hilabetez haizea hartzen utzi behar da eta gero aukeratu beharko da ze zuhaitz jarri. Euskal Herrikoa izan dadila, eta hazkunde azkarrekoa. Izan ere, Arbolapetak ez du zentzurik izango zuhaitzik gabe".
Adineko jendea "oso larrituta" dagoela dio Ugaldek: "Urte asko dira, belaunaldi asko. Eta batzuk diote ea zergatik ez den zerbait egin lehenago. Aditu batek dio denbora batez mantendu ahalko dela, baina oso gaixorik dagoela. Udalak, jakinda arriskua dagoela, ezin du mantendu".
'Agur eta ohore', Arbolapeta
114 urte luzez arrasatearren arbola kutuna izan denari azken orduak geratzen zaizkio. Egunotan hainbat izan dira bertan argazkia atera duten herritarrak eta oraindik beste askok ere betikotuko dute momentua.
Udal langileak etzi hasiko dira arbola mozten, 08:00etan. Eguerdira arte ibiliko dira lanean eta zenbait unetan Olarte kalea itxi egingo dute eta inguruko lauzpabost aparkaleku ere hustu egingo dituzte. Herritar batek enborrean idatzi duen moduan: agur eta ohore, Arbolapeta.