Arrasateko San Juan de Dios ospitale psikiatrikoko buru Jose Mari Txabarrik hasi du hitzaldia eta kongregazioaren sortzaileaz ez ezik ondorengoek egindako lanaz mintzatu da. Sortzailearen gaztaroa gogora ekarri eta gero, kongregazioak Afrikako herrialde txiroenetan egindako lana goraipatu du: "Gure kasuan gaixoa zaintzeaz gain, konpainia edo laguntasuna ere ematen diogu", azaldu du Txabarrik.
Itxaropenaren herria
Bere ostean, Liberiako errealitatea bertatik bertara ezagutu duten Mikel Tellaetxe eta Nagore Martinez de Agirreren txanda izan da. Martinez de Agirre erizaina, boluntario gisa egon zen Liberian eta ebolaren izurritea ezagutu ez zuen arren, esperientzia gogorra bezain aberasgarria izan zela gogoratu du, "lan gogorra da eta baldintza nahiz baliabideak oso eskasak, jendea gosez hiltzen den herri bat da". Hala ere, herritarren irribarrea, kolorea eta itxaropena azpimarratu ditu Gasteizko erizainak.
Mikel Tellaetxe aldiz, 2012tik 2013ra bitartean, Monrobiako (Liberia) San Jose ospitaleko buru izan zen eta bertako errealitatea muturrekoa dela azaldu du, "ospitaleak desagertu egin dira, egun ebola tratatzen zentroak baino ez daude. Malaria edo beherakoa bezalako gaitzak ez dira tratatzen eta jendea hil egiten da".
Ebola diziplinaren gaitza dela esan du Tellaetxek, eta MSF erakundea jarri du eredu gisa. Kutsatzeak ekiditeko zorroztasuna aipatu du irtenbide gisa, "MSF erakundea duela 19 urte hasi zen ebola tratatzen eta urte hauetan bi kutsatu baino ez ditu izan".
Kooperazioaren indarra
Gobernuz kanpoko erakundeen beharra ere azpimarratu dute. LIberian lanean diharduten erakundeen zerrena luzea den arren, Tellaetxek bailarako laguntza azpimarratu du.
Bertako eskola bateko haurrek harro janzten dituzte UDA kirol elkarteak bidalitako elastikoak, "argazki bat ateratzeko kamisetak janzteko eskatu nien haurrei, eta domekako partiduan jantziko zituztela esan zidaten", kontatu du Tellaetxek.
Eguenean Benito Menni fundazioa ezagutzera emateko bigarren hitzaldi bat egongo da, hau ere 18:30ean izango da Kulturateko areto nagusian.