Erreka garbiketarako izen-ematea atzo itxi zuten baina jakinarazi dute aurrez izena eman barik ere har daitekeela parte erreka garbiketan. Aurreko urteetan Mojategi futbol zelaiaren inguruan egin izan dute garbiketa, errekara sartzeko "erraz" dagoelako.
Hala ere, aurten erabaki dute Laubide plaza inguruan jaistea errekara: "Erreka garbitzen ari garela herrian bertan ikus gaitzaten gura dugu", adierazi du ingurumen teknikari Nerea Laspiurrek. Hala, Laubide plazan elkartuko dira 09:30ean eta han bertan hasiko dira garbiketarekin: "Mankomunitaterantz joango gara eta etortzen den jende kopuruak zehaztuko du noraino helduko garen", dio Laspiurrek. Erreka garbitu ostean, parte hartzaileek Seber Altube plazan moxal haragia doan probatzeko aukera izango dute. Ondoren, hilaren 18tik 22ra, jasotako zaborra Monterron jauregiaren pareko Kondekua zelaian jarriko dute.
Deba ibaian asko dago egiteko
Errekaren Asteari hasiera eman zion Avis produkzioak enpresaren Ura eta erreka Deba ibarrean dokumentalaren estreinaldiak, astelehenean. Ekitaldian ingurumen zinegotzi Josu Peredak ibaiak zaintzeak duen garrantziaz egin zuen berba, besteak beste.
Peredaren arabera, Debak "oso bilakaera positiboa" izan du, eta Epeleko araztegia eraiki zenetik nabarmen egin du hobera. Hala ere, argi utzi zuen zaintzak jarraitu beharra duela.
Era berean, urriaren 22ra arte Ura & hiria 2020 izeneko erakusketa dago zabalik Kulturateko klaustroan. MUko ikasleek egindako proiektuak erakusten dira bertan eta arratsaldez egongo da zabalik, 17:30etik 20:30era.