Hitzaldiak, irteerak eta bestelako ekintzak izango dituzte Goienagusikoek

Maialen Torres 2014ko urr. 6a, 14:41

Gaur aurkeztu du Goienagusi elkarteak ikasturte berrirako egitaraua, 50 urtetik gorakoei arlo ezberdinetako ezagutzan sakondu, parte hartzea bultzatu eta aisialdirako aukerak eskaintzeko asmoz. Urtetik urtera gero eta jende gehiago erakartzen du ekimenak.

Etxaluze eraikinean eman diote Goienagusikoek hasiera ikasturte berriari. Elkartearen ildoari jarraituz, 50 urtetik gorakoei hitzaldiak, irteerak eta bestelako ekintzak eskainiko dizkiete aurten ere, beti ere bazkideen interesei jarraituz. Antolatu dituzten ekintzak askotarikoak dira, baina helburuak argiak eta zehatzak, Begoña Markaide lehendakariak azaldu duenez: "parte hartzea bultzatzea, asialdiaz gozatzea eta arlo ezberdinetako ezagutzan sakontzea".

Finantza eta baloreen krisitik hasi, eta berpizkundeko margolarietaraino, askotariko hitzaldi sorta antolatu dute datozen hilabeteetarako, baina gai pertsonalagoak ere landuko dituzte. Besteak beste, zer gertatzen den maite dugun norbait hiltzen denean. Lehen hitzaldia Jose Domingoren eskutik jasoko dute etzi, eta bizitzarako filosofia izango dute hizpide. Arlo akademikoan beraz, egitarau zabala prestatu dute, baina horrekin nahikoa ez, eta aisialdiari ere eman nahi izan diote garrantzia.

Horrela, hiru hilabetetik behin, irteera bat antolatzen dute klase orduetan, eta aurtengoan Lantziegora, San Millan de la Cogollara eta Zumaiako Flysch-era joango dira. Horrez gain, bazkideek nahi dutenaren arabera, beste irteera batzuk ere antolatuko dituzte.

Gaur Arrasateko Etxaluzen elkartu diren Goienagusiko eta erakundeetako kideak.

Gero eta arrakasta gehiago

Duela hiru urte sortu zen Goienagusi elkartea, esperientzia eskolari jarraipena emateko asmoz, eta hasiera batean zituen 62 bazkideetatik, 90 izatera iritsi da aurten. Markaidek ekimenaren arrakasta azpimarratu du esanez jende asko kanpoan geratu behar izan dela, klaseetako edukiera kontuak tarteko. Hori dela eta, batzuk hasi dira dagoeneko datorren urteko izen ematean pentsatzen eta zerrenda bat ere osatu dute , datorren urtera begira. Markaideren esatetan, datorren urteko zuzendaritza batzordeak erabakiko du izen emateak onartzeko zein irizpide erabili, eta "kronologikoa edo, agian, zozketa bidezkoa" izango da.

Etorkizunera begira jarrita, Merkaidek azaldu du maiatzean bere lehendakari lanak utziko dituela, baina oso pozik dagoela orain arte egindakoak izandako erantzunarekin eta gaineratu du bazkideen artean badela lanean jarraitzeko ekimena.

Goienagusi 2014-2015 ikasturtea

'Bizitzarako filosofia'

  • Hizlaria: Jose Domingo.
  • Non: Etxaluze.
  • Noiz: Urriak 8, 15, 22 eta 29.

'Zer da bioetika eta zertarako balio du?'

  • Hizlaria: Koldo Martinez.
  • Non: Etxaluze.
  • Noiz: Urriak 13.

'Krisi finantzarioa, baloreen krisia. Zein da erantzulea?'

  • Hizlaria: Juanjo Alvarez.
  • Non: Etxaluze.
  • Noiz: Urriak 20.

'Emakumeak eta gizonak: XXI. mendea'

  • Hizlaria: Jexux Mari Mujika.
  • Non: Etxaluze.
  • Noiz: Urriak 27.

'Belaunaldiartekotasuna eta heziketa'

  • Hizlaria: Jexux Mari Mujika.
  • Non: Etxaluze.
  • Noiz: Abenduak 1 eta 17.

'Nazioarteko gaurkotasunaren behatokia'

  • Hizlaria: Txente Rekondo.
  • Non: Etxaluze.
  • Noiz: Azaroak 3, 10, 17 eta 24.

'Berpizkundeko margolariak'

  • Hizlaria: Urko Barros.
  • Non: Etxaluze.
  • Noiz: Azaroak 5, 12, 19 eta 26.

'Joxe Migel Barandiaran eta Arrasate euskaraz'

  • Hizlaria: Jose Mari Velez de Mendizabal.
  • Non: Kulturate.
  • Noiz: Abenduak 3.

'Zer gertatzen da maite dugun norbait hiltzen denean?. Nola aurre egin aulki hutsari'

  • Hizlaira: Iñaki Peña.
  • Non: Etxaluze.
  • Noiz: Abenduak 15.

Bidaia

  • Noiz: Abenduak 10.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak