Anaitasuna talde indartsuaren aurrean berdinketa lortuta, pozik Ford Mugarrikoak

Irati Goitia 2014ko urr. 5a, 18:38
Ford Mugarriko mutilak Anaitasunakoen defentsa apurtu nahian.

Arrasatearrak aurretik joan ziren markagailuan norgehiagoka ia guztian, baina azkenean ezin irabazi. Azken minutuak tentsioz betetakoak izan dira. Garciaren mutilek partidu polita jokatu dute eta jakin dute arerio indartsura moldatzen euren jokoa.

KIROL EMAITZAK

 

Anaitasuna hartu du etxean gaur Ford Mugarrik. Arerio zaila da. Talde indartsua, esperientzia askoko jokalariak dituena. Garciaren mutilak prest ziren, ordea. Hala, lehia irabazteko asmoz irten dira kantxara eta izan dute markagailuan aurretik bukatzeko aukera, baina azkenean berdinketarekin konformatu behar izan dute.

Arerioari ondo egokitu

Bizi hasi zen norgehiagoka. Lehen minututik tentsioz beteta. Kanpotarrek defentsa aurreratua erabili zuten –hiru eta hirukoa– eta horrek izan zuren eragina arrasatearren jokoan. Normalean ez bezala, bigarren lerroko jokalariek izan zuten baloia mugitzeko ardura eta sei metrotatik jokatzen hasi ziren, jokaldi askotan bi euskarri erabiliz. Hor lortu zuten aurrera egitea etxekoek –11 eta 5 aurretik ziren 17. minutuan–. "Moldatu beharra izan dugu. Astean zehar landu dugu euren jokoa. Gauza batzuk ondo irten zaizkigu eta beste batzuk okerrago, baina irakurketa nahiko polita egin dugu eta jakin dugu defentsa hori gainditzen", adierazi zuen Pablo Garcia entrenatzaileak partiduaren amaieran.

Hala ere, eskuratutako aldea txikitu egin zen atsedenaldirako (14-11). Izan ere, aurkariak aulkian gordetzen du bere indarretako bat: 16 jokalarik osatzen dute taldea. Errotazio luzeak egin zituzten, jokalariak fresko mantentzeko.

Hutsegiteak nagusi

Bigarren zatian ez zen joko politik izan. Bi taldeen hutsegiteak izan ziren nagusi. Eta egoera horretan hobeto aprobetxatu zituzten aukerak kanpotarrek. "Asobal ligan jokatzen duten jokalariak daude Anaitasunan, ofizio asko dute, eta hori nabaritzen da". esan zuen Garciak. Azken minutuetan tentsioa izan zen nagusi. 28. minutuan aurreratu ziren Anaitasunakoak lehenengoz (25-26) eta 29. minutuan, arrasatearrak markagailuan puntu bateko aldeaz galtzen zihoazenean, etxekoen aldeko penaltia adierazi zuten epaileek.

Kepa Grucetak baloia barrura sartu zuen eta ia urrea balioa zuen puntua eskuratu. Hala bukatu zen lehia: 27-27.   Oso pozik zen Garcia amaieran: "Oso partidu ona jokatu dugu. Maila eman dugu eta gustura nago berdinketarekin. Egia da, irabazteko aukerak izan ditugula, baina berdinketa merezitakoa izan da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak