Gutxik ukatuko dute Santa Barbarako muinoa Arrasateko txokorik dotoreenetakoa dela. Ederra bezain ahaztua sarri, tamalez. Erromeria berpiztua lekuaren aberastasuna balioestera dator, festarako aitzakia ezin hobea emateaz gain. Eta horretatik, jai girotik, asko izan zuen zapatukoak. Seberretik eguerdian abiatu ziren kalejiran, aldatsari txistularien doinuekin eta umorez ekiteko gertu. Atalataikoan egin zituzten gorainoko azken metroak. Ahaleginaren sari, zain zeuzkaten Goikobalun Aramaioko sagardogileak eta SUDCekoak taloekin; eztarri eta sabelen bizigarri. Albokari, txalapartari eta trikitilariak arduratu ziren soinu-girotzeaz. Mahaiak lautada borobilaren ertz osoa hartuta atonduta, bazkaria egin zuten. "Arrasate oso kultura urbanodun herria" izan dela azaltzen du Xabier Zubizarreta Zuztarrak Errotuzeko kideak eta erromeria berreskuratzeak balio handia duela zentzu askotan.
Iraganari zor
Gaur egungo Arrasaten herriaren zabalkundearekin galdu samar geratu bada ere, Arrasateko bihotzaren zati handi bat izan da Santa Barbara ingurua mendeetan zehar. XII. mendean jada bertan zegoen gazteluaren hondarren gainean egin zuten festa, hain zuzen zapatuan eta, horregatik, elkartekoek gotorlekuaren historia eta ezaugarriak azaltzen zituzten panelak ipini zituzten parkean. Zubizarretak nabarmentzen du "muinoak duen balioa ikuspegi sinbolikotik". Horregatik, zentzu bikoitza ematen dio hark erromeriari: batetik, Santa Barbara berriz herrian integratzea bilatzen delako eta, bestetik, inguruak berak duen balio historiko eta kulturala sustatzeko. Hala, elkartearen helburu behinena "aztarna historikoak berreskuratzen joatea" denez, garai bateko erromeriaz birjabetzearekin batera Zubizarretak iradokitzen du mereziko lukeela noizbait gazteluaren aztarnak berriz azaleratzea. Oraingoz, historiaren harrizko lekukorik ez dago ikusgai, baina, trukean ala zorretan, historiaren aldarri moduan Nafarroako bandera eskegi eta haizatu zuten Goikobalun.
Jaiak, historiak zein eguraldi paregabeak animatua, motiboak motibo, erromeria primerakoa egin zuten zapatuan eta iaz proposamen bitxi moduan hartu zena bigarren urtean jada mamitu eta indartu egin da. Ezin pozago, hortaz, Zuztarrak Errotuzekoak eta kide izan dituzten elkarte eta talde guztiak aurten.