Josu Pereda: "Bizikleta-bide sarea osatzen joatea da Udalaren lehentasuna"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko ira. 19a, 16:00
Josu Pereda zinegotzia.

Mugikortasun Astea da oraingoa, eta aurten bizikleta du ardatz. Zapatuan bigarren eskuko bizikleta azoka eta domekan itzulia egingo dute. Horrekin batera, astelehenean Arrasateko bizikleta-bideei buruzko erakusketa irekiko dute Kulturaten. Etxaluze-Musakola ardatzak dituen aukeren berri emango da, eta herritarren usteak jasotzea da asmoa, bizikidetzari begira.

Herriko bizikletazaleen hitzordua domekan da, ezta?

Hala da. Aurten, gainera, Bizipozaren Jaiaren barruan egongo da txertatuta. Parte-hartze polita izaten du urtero. 10:00etan izango da irteera, Monterrondik. Zubillagara joango gara bidegorritik eta han Oñatikoekin bat egingo dugu; mokadutxoa egin eta buelta.

Nobedadea, baina, bizikleta-bideekin lotutako erakusketa da.

Erakusketa hau Etxaluze paretik Musakolako kiroldegirainoko bizikleta-bidearen alternatibak aurkezteko da. Bidei enpresari esleitu zitzaion zati horren alternatiben proiektuaren garapena. Hamazazpi tartetan banatu da bidea eta aukera ezberdinak erakusten dira. Herritarren parte-hartzea bilatzen dugu. Bizikidetza lortzea da helburua.

Bizikleta-bideei dagokienez, zer jasotzen da Mugikortasun Planean?

Bai plangintzan bertan zein iraunkortasunari buruz egindako jardunaldietan, garrantzitsutzat jo da. Planaren berrikuspen fasean gaude gaur egun. Eta, hain zuzen ere, bi ardatz daude Arrasaten: Gesalibartik kiroldegira doana, oinezkoentzako zumardia erabiltzen duena, eta hegoaldekoa, oraindik osatu barik dagoena. Udal honen lehentasuna da sare hori osatzen joatea.

Zer da Mugikortasun Mahaia?

Bizikidetza oinarri hartu nahi badugu, ezinbestekoa da partaidetza. Helburu horrekin, mugikortasunarekin harremana duten taldeei zuzeneko deia egingo zaie,  eta interesa duen edozein herritar ere etor daiteke. Asmoa da hil honen amaierarako lanean hastea. Erakusketan edo udaletxean eman daiteke izena.

----------

Azoka eta bizikleta itzulia

Bihar, zapatua, eta etzi, domeka, izango dira aurtengo Mugikortasun Asteko ekitaldi nagusiak. Bigarren eskuko bizikleta eta material azoka 11:00etan irekiko dute, Mondragones kalean, 15:00ak arte. Biteri plazan, ostera, jolasak egongo dira umeentzat eta baita emisio txikiko ibilgailuen erakusketa ere. Domekan bizikleta itzulia egingo dute. Monterrondik irtengo da taldea, 10:00etan, eta, hain zuzen ere, Zubillagarainoko ibilbidea egingo dute (Oñati).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak