XV. mendeko baselizaren misterioak argitzen, Arrasaten

Ubane Madera 2014ko abu. 13a, 14:38

XV. mendeko baseliza baten aztarnen bila dabiltza Iraganeko Oinatzak izena duen proiektuko historialari-arkeologoak egunotan. Arrasateko San Kristobal hilerriko atzeko partean abiarazi dituzte indusketok, joan den astean. Hain justu ere, esparru horri guztiari izena ematen dion baseliza da-eta, aztertzen dabiltzana. Indusketak egin bitartean, bisita gidatuak ere egiten dituzte, bertaratzen diren guztiendako.

Momentuz, hiru zundaketa zabaldu dituzte. Bi, eraikinaren kanpoko aldean eta beste bat barruan. Eraikina ulertzeko lanak dira horiek. Hau da, jakiteko zelako eraikina  zen jatorrian, baserri bihurtu aurretik beste erabileraren bat eman ote zitzaion, ze zati den baserriarena, zer zati dagokion baselizari… Adibidez, barruko zundaketak eskailera batzuk utzi ditu agerian. 

Helburua, beraz, halakoak eta eraikinaren bestelako paretak edo egiturak zeri dagozkion argitzea da.

Herritik hamar minutura

Edozelan ere, indusketek zer emango duten jakin barik, eraikinaren garrantzia nabarmendu dute indusketen arduradunek; adibidez, Arantza Otaduy historialariak kontatu du Arrasatek izandako 20 baselizatik bi (San Joxepekoa eta San Kristobalekoa) herritik hamar minutura oinez bisitatzeko moduan daudela.

Etorkizunerako jakintza

San Kristobalekoari dagokionez, berriz, azpimarratu du azken 30 urteotan eraikinaren zati garrantzitsuak apurtu eta jausi egin direla, teilatua eta beste, eta guztia erabat desagertu aurretik erabaki dutela indusketak egin eta modu horretan, ulertu gura dute zelako ingurua izan zen hura eta era berean, etorkizunerako jakintza hori ziurtatu.

1448ko erreketa, ekaitzen behatoki…

Edozelan ere, baselizaren garrantzia ez da mugatzen horretara, garrantzia historikoa ere badu XV. mendeko eraikin horrek; besteak beste, Esteban Garibai historialari arrasatearrak 1448ko erreketarekin lotzen duelako.

Eta jakinekoa da, baita ere, historian zehar, duen kokaleku estrategikoarengatik behatoki moduan ere erabili izan dela, baserritarrei ekaitzen abisua emateko baselizako kanpaia erabilita (argazkian, belarrez estalita, goian).



Horren guztiaren berri, gainera, zuzenean ematen dute bi historialariek indusketetara gerturatzen direnei bisita gidatuak egiten dizkiete-eta. Duda barik, aukera polita abuztuko egun hauetan aprobetxatzeko modukoa.

Proiektila, gerra garaikoa?

Kuriositate moduan, proiektil baten kartutxoa aurkitu dute egunotan kanpoko zundaketan; ustez 34ko Arrasateko iraultzan Rezusta eta Oreja hil zituztenek baseliza horretan babestu ziren, eta ordukoa liteke aurkitutako proiektila. Baina hori, historiaren beste pasarte bat litzateke.



Baselizarekin lotuta orain hasi dituzten indusketak urrira arte luzatuko direla uste dute Otaduik eta Egizabalek. Egiteko, gainera, beste aditu batzuen laguntza izan dute dagoeneko; Nerea Altuna ingeniari arkeologo arrasatearrarena eta Ugutz Basauri geologo bergararrarena, bestek beste. Izan ere, Iraganeko Oinatzak proiektua gizarte zientzien esparruko profesionalei irtenbidea emateko proiektu moduan sortu da, aurten sortu ere. Eta beraz, beste aditu batzuekin elkarlanean dihardute hori guztia egiten.

Momentuz Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza eskuratu dute lanok egiteko, eta Arrasateko Udalaren, Fagor Arrasateren eta Kanpantzar harrobiaren laguntza, material aldetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak