Salva Dalmau: "Badakigu kanpotik 200 bat lagun etorriko direla"

Imanol Gallego 2014ko eka. 13a, 13:13

Hamargarren urteurreneko ospakizun nagusia du bihar Portaloi elkarteak. Pintxo-potearekin hasiko dute eguna, eta gero kantuan egingo dute, guztiok ezagutzen ditugun kantu horiek. Herritik eta kanpotik etorritako kantuzaleak batzea dute helburu. Bukatzeko, erromeria egingo dute, eta herri bazkaria tarteko.

Arrasaten gustuko dugu kantuan eta dantzan egitea?
Hamar urtean egon gara horretan, eta taldetik 200 bat lagun pasatu dira kantuan, eta Herrixa Dantzan ekimenarekin bat egiten dugu eta urtero 80 bat-edo ibiltzen da. Oso arrakastatsua da, bai. Hori bai, krisia dela eta erretiro aurreratua dela, 55 urtetik aurrera asti handia dugu eta oso egokiak dira ekitaldi hauek, herrikoiak direlako jende guztiarentzat.

Zapatuan Herriko Plazan izango den kantaldia zelakoa izango da?
Seber Altuben elkartuko gara, Mondra taldearekin batera pintxo-jana egiteko. Gero, kalejira izango dugu, bi geldiunerekin: Arbolapetan eta Goizaldeko plazatxoan. Hiruzpalau kantu egin eta plazara abiatuko gara (13:00etan). Han, hogei bat abesti kantatuko ditugu, txistulariek, soinu-joleek, gitarra-joleek… lagunduta; hamazazpi musikarik eman dute etortzeko berba. Hainbat herritako kantuzaleek eta dantzazaleek ere parte hartuko dute. Eta euren presentziarekin hobetu eta loratu egingo dute zapatua. Euskal Herrian 60 bat kanta-talde daude, guk harremanak landu ditugu batzuekin batez ere. Etorriko dira Donostiatik, Gernikatik, Bilbotik, Aretxabaletatik, Eibartik, Otxandiotik… Badakigu 200 bat etorriko direla. Guk ere egin izan ditugu irteerak: Bilbora, Gernikara, Gasteizera, Eibarrera…  

Horiekin batera, baina, ekitaldia entzutera doanak izango du kantatzeko aukerarik?Bai, eta kanta batzuekin kantu-paperak aterako ditugu, mundu guztiarentzat. Irekia da.

Erromeriarekin borobilduko da eguna, 17:30ean; Herrixa Dantzan ekimenaren bidetik joango da?
Bai, Patxi Montero egongo da ekitaldia gidatzen. Ordu eta erdikoa izango da. Gure ustez, luxuzko erromeria da; erromeriakantatua, zenbait kasutan.

Hamar urte atzera egingo dugu; kulturari bultzada ematea zen elkartearen  jatorrizko helburua?
Ez bakarrik. Adibidez, estatutuetan daukagu ondarea babestu eta kontserbatzea ere. Baina asko ez gara, eta, azkenean, landu duguna da kanta eta dantza. Kantari dagokionez, adibidez, zazpi urtean egon gara Trikitixa Eskolako Maixarekin. Eta Herrixa Dantzan ekimenaren bultzatzaile gara. Gure giroa, orokorrean, euskalduna da. Eta euskararen alde ere egin izan dugu zertxobait. Baina kezkatxoa ere badugu, errelebo faltarengatik. Gazteak ez dira atrebitzen edo gustu desberdinak dituzte… Kanpoan ere egoera bera da. Beraz, jendea animatu nahiko genuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak