'Mondragoe beirazko plaketan': erakusketa zabalik eta liburua salgai

Goiatz Arana Begiristain 2014ko eka. 6a, 19:15

XIX. mendeko 122 erretratu zahar batzen ditu liburuak 136 orritan, eta justuko hitzak; irudietan ikusten dena ulertzen laguntzeko beharrezko direnak baino ez. Liburua salgai dago, 15 eurotan. Besteak beste, Kulturateko klaustroan erosi ahal izango da, erakusketa zabalik dagoen bitartean: gaurtik uztailaren 6ra, hain zuzen. Arrasateko alkateak herritarrak zoriondu ditu, une honetatik aurrera "altxor" batez gozatzeko moduan izango direlako.

Kalitatea bermatu gura izan du liburuaren osaketaz eta argitalpenaz arduratu den Arrasate Zientzia Elkarteak (AZE) eta esfortzu "berezia" egin dutela aitortu dute bertako kideek, arratsaldean Kulturaten egindako aurkezpen ekitaldian.

Azal gogorreko argazki liburua da, katalogo eran antolatua, eta testuinguru batekin. "Letra gehiegi ez diogu ipini nahi izan, baina nahikoak barruan dagoena ulertzen laguntzeko", azaldu du AZEko lehendakariorde Anabel Ugaldek.

Identitate faltan, auto-erretratua

XIX. mendean Mendia familiako kide batek ateratako argazkiak dira guztiak. Kristalezko plakak jaso zituen elkarteak dohaintzan, 500 inguru, eta modu "ulergarri eta polit" batean antolatu ditu horien artetik onenak.

Argazkilariaren auto-erretratua jasotzen du liburuak kontrazalean: etxeko armairua udaletxeko arkupeetara eraman eta argazkia atera zion bere buruari. Haren identitaterik ez da ezagutzen, ordea. "Dakiguna da familia aberats, kultu eta kosmopolita batekoa zela eta afizioz atera zituela erretratuak, errespetuz, duintasunez eta dotoreziaz", Ugalderen esanetan.

Kanpoko argazkiak dira gehienak, gutxi batzuk baino ez sendi barruan ateratakoak. Eta 80ko hamarkadako Arrasate ikusi daiteke horietan: etxeko leihotik ateratako Herriko Plaza Nagusia eta Erdiko kalea, gehienbat; gerrariak herriko kaleak bisitatzen; goiz euritsu eta eguerdi beroetako lasaitasuna eta isiltasuna; ura eta elektrizitatea iritsi zirenekoak; herritarren janzkerak; jaiak... Industrializazio modernoa hasten den garaiko argazkiak dira guztiak, "desagertutako mundu batekoak".

"Balore handiko bilduma"

"Balore handiko bilduma" moduan definitu du liburua Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek eta herritarrak zoriondu ditu "altxor batez gozatzeko aukera" izango dutela esanez: "Argazkiak dohaintzan jasotzerakoan, herrian gera zitezela zen baldintza bakarra, eta liburu batean jasotzea modu ezin hobea da horretarako".

Ekainaren 6tik uztailaren 6ra

Mondragoe beirazko plaketan izenburutzat daraman liburua kalean da, beraz, eta Kulturateko klaustroan jarritako erakusketa zabalik; liburua aurkeztu ostean inauguratu dute, bisita gidatu batekin. Bertaratutakoek arretaz jarraitu dituzte Anabel Ugaldek erretratuen gainean emandako azalpenak.

Erakusketa hilabetez egongo da irekita, gaurtik uztailaren 6ra bitartean, eta liburua salgai egongo da bertan. Ttukun liburu-dendan eta Eroski hipermerkatuko prentsaren txokoan ere eskuratu ahal izango da. Prezioa 15 euro da. Erakusketan dauden argazkiak eta gehiago batzen ditu.

Herritarrei deia

Egindako lanarekin pozik, egun garrantzitsutzat jo du gaurkoa AZEko lehendakari Xabier Bengoak: "Testu eta argazki aldetik aberasten joan gara gure lana, egunez egun, eta altxorra da emaitza".

Arrasatearrak erakusketa ikustera eta liburua erostera animatu ditu, eta ez hori bakarrik: "Gerra osteko Arrasate –industria, dendak...– gura genuke ezagutzera eman datorren urtean, erakusketa eta liburu bidez, eta herritarrak animatu gura ditugu izan dezaketen materiala ekartzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak