TAO sistema udazkenean helduko da Arrasateko erdigunera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko eka. 4a, 18:04

Arrasateko Udalak TAO erdigunean jartzeko erabakia hartu zuen atzoko osoko bilkuran. Unibertsitate inguruan egin moduan, proba moduan jarriko dute erdigunean ere. Hasteko, Ferixalekuko aparkalekuan bakarrik jarriko dute TAO eta gero erdigune osora hedatuko da. Udazkenean izango da hori. Oposizioak kontra bozkatu zuen; izan ere, erdigune osora aldi berean zabaltzearen aldekoak dira EAJ eta alderdi sozialista.

TAO sistema Arrasateko erdigunera helduko da udazkenean. Proba moduan helduko da, Ferixalekura, eta doakoa izango da. Gune horretan 50 ibilgailu inguru sartzen dira eta sistema ezartzen denean gidariek gehienez 90 minutuz aparkatu ahal izango dute bertan. Izan ere, helburua ez da dirua lortzea, baizik eta ibilgailuen errotazioa bultzatzea. Sistema indarrean jartzen denean ordutegia izango da goizeko zortzietatik eguerdiko ordubietara, astelehenetik zapatura. Unibertsitatean ez moduan, bertako bizilagunei ez zaie egoiliar txartelik banatuko helburua delako erdigunean bizi ez diren herritarrei erosketak bertan egiteko erraztasunak ematea.

Hori erabaki zen, besteak beste, atzoko osoko bilkuran. Bildu eta Aralarren aldeko botoekin eta EAJ zein alderdi sozialistaren kontrakoekin onartu zen. Unibertsitate inguruan sistemak oso ondo funtzionatzen duela dio Udal Gobernuak baina bi guneetako beharrak ezberdinak direla iritzita, erdigunean ere poliki-poliki ezarri gura dute TAO sistema.

EAJk, berriz, ez du ulertzen zergatik egin behar diren proba gehiago. Diotenez, arrasatearrek eta merkatariek aspalditik eskatu dute TAO sistema erdigune osoan jartzea.

Sozialistek ere, jeltzaleen antzera, uste dute erdigune osoan ezarri behar dela aparkatze arautua. Ferixalekuan bakarrik jartzea ez da nahikoa, euren ustez.

Enplegura 350.000 euro

Bestalde, atzo onartu ziren gai garrantzitsuen artean, enplegua sustatzeko jarduera berriak nabarmendu behar dira. Enpleguaren eskumena Jaurlaritzarena izan arren, Arrasateko Udalak ahalegin berezia egingo du aurten enpleguari begira. Lau ildo ireki dituzte: Udalak herriko langabeak kontratatuko ditu interes publikodun proiektuak garatzeko, Arrasateko enpresei diru-laguntzak emango dizkiete herriko langabeak kontratatzeko, enplegu azoka antolatu dute eta titulatu berriei bekak emango dizkiete praktikak egin dezaten. Lau ildo horietarako 350.000 euro bideratu dira eta atzo aho batez onartu zen proposamena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak