Hamahiru panel dira, ikus-entzunezko bat eta Testigantzen soka delakoa, hiztunen bizipenen kontaketa ildokatzen duena. Kulturateko klaustroetan ikus daitezke euskarriok. Aurkezpen ekitaldia atzo, eguena, egin zuen Dabid Anaut euskal filologoak. Euskararen kate hautsiak liburua aurkeztu zuen egileak berak. Ikuspegi historiko batekin, Euskal Herriko lurralde guztietan eta alor ezberdinetan euskarari egin zaizkion erasoak jasotzen dira Anauten liburuan.
Ainubetik argira
Erakusketan ikusgai den Euskara, ospeletik eguterara ikus-entzunezkoak ematen dio izena sorta osoari. 20 minutuko dokumentalean azken mendeko zapalkuntza jasotzen da lekukotzen bidez. Joan Mari Torrealdai, Xabier Amuritza ala Kontxita Beitiaren adierazpenak jasotzen ditu bideoak. Azaldutako erasoen ifrentzu gisara, ordea, euskalgintzaren hamarkada luzeetako lana ere erakusten da. Beste 13 panelen bitartez lehen eskuko lekukotasunen bilduma jaso da soldadutza, debekuak, errepresioa eta zigorra, besteak beste, azalduz.
'Testigantzen soka'
Erakusketaren hirugarren elementu nagusia Testigantzen soka delakoa da, lekukotasunen pasarte idatziak zintzilik erakusten dituena. Hemen bisitariek ere euren ekarpena egiteko modua izango dute antolakuntzak paperak eta eskegitzeko pintzak ipini baititu bizipenak partekatu gura dituztenentzat.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Memoria Fundazioaren erakusketa da eta Arrasateko kultura etxean ekainaren 1era bitartean, zapatua.