Osasun Publiko eta Mendekotasunen zuzendari Miren Dorronsorok, Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkateak eta Medikuntza Arloko Laguntza Koordinazioko zuzendari Juan Manuel Sanzok aurkeztu dute egitasmoa Arrasaten, Kulturaten. Tabakoaren kontsumoa txikitzea du helburu, eta horrekin pertsona askoren bizitza salbatzeko asmoa dute. Osasun eta udal arloetako eragileek elkarlanean egindako proiektua da; izan ere, antolatzaileen esanetan, ekimen soziosanitarioak dira beharrezkoak, osasun esparrutik haratago daudenak.
Lankidetzaren bitartez, eragileak batu eta tabakismoaren kontra borrokatu nahi dute. Gainera, beste eragile batzuk ere erakarri nahi dituzte proiektura; esaterako, farmazia elkargoak, ikastetxeak eta elkarteak. Gizarteko sektore guztiak informatu nahi dituzte, ez erretzeak dituen abantailak eta zaletasuna uzteko dauden baliabideak aditzera emateko. Tabakoaren karpak ezarriko dira eskualdeko hainbat herritan:
Maiatzak 23
- Antzuola 18:00-21:00 Zurrategi plaza
Maiatzak 29
- Eskoriatza 11:00-13:00 Fernando Eskoriatza plaza
- Aretxabaleta 11:00-13:00 Osasun zentroa, Errekabarren
- Bergara 11:00-13:00 eta 18:00-21:00 K/D Irala
- Arrasate 11:00-13:00 eta 17:00-20:00 Seber Altube plaza
Maiatzak 30
- Elgeta 18:00-21:00 Mendizaleen plaza
Gainera, gazteek tabakoarekin duten lotura azpimarratu nahi izan dute. Jendea 14 eta 16 urte bitartean hasten da erretzen; 15 eta 24 urte bitarteko gazteetan, neska erretzaileak (%19,1) gehiago dira mutilak baino (%17,4). Horren harira, Debagoienean martxan jarri da Europa mailako Kerik gabeko gelak ekimena. Helburua da ikasleen artean tabakismoa txikitzea, eta Arrasateko, Bergarako, Oñatiko eta Eskoriatzako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako gazteek hartu dute parte; guztira, 400 ikaslek. Logo eta mezu lehiaketan aritu dira, eta Arrasateko 1.B taldea izan da eskualdeko irabazlea. Osasun Sailarentzat, nerabeak eta gazteak lehentasunezkoak dira, eta tabakoak inongo abantailarik ez duela ikusarazi nahi diete.