Europako Hauteskundeak

Europan "handira jokatu" gura du EH Bilduk euskal estatuaren eta justizia sozialaren alde

Jon Berezibar 2014ko mai. 16a, 20:15

Bi legebiltzarkidek egin dute berba gaurko EH Bilduren ekitaldi politikoan: Pello Urizarrek eta Marian Beitialarrangoitiak. Europan landuko dituzten gidalerroak azaldu dituzte: euskal gatazka, subiranotasuna eta justizia soziala. Azpimarratu dute horietaz jardungo duen alderdi bakarra EH Bildu izango dela.

Jarraitzaile talde zabal baten aurrean, ikurriña eta presoen etxeratzearen aldeko oihalekin, Herriko plazan egin dute ekitaldi politikoa. Ekitaldiak iraun duen bitartean herriko hiru artistak zuzeneko horma-irudi margoketa ekintza egin dute, zuri beltzezko irudi goibela maraztu eta gero koloreak hartu eta EH Bilduren letrak, kolore biziz margotuta.

"Europan, handira jokatzera"

Hitzaldiei dagokienez, Pello Urizar Gasteizko legebiltzarkideak hartu du hitza, lehenik eta behin, boto-emaile desmotibatuetara zuzenduz. “Beti berdina” egitekotan, “aldaketa aukerarik” ez dagoela esanda, botoaren premia agertu eta bozkatzeko hiru izan dira eman dituen arrazoiak: “euskal gatazkaren konponketa, subiranotasuna eta beste eredu” baten aldeko apustua. Europarako EH Bilduren gidalerro bezala aurkeztu ditu Urizarrek, hain zuzen. Euskal gatazka “gatazka politikoa” dela helarazi behar da Europan Urizarren esanetan, “eta ez biolentzia arazoa, behin eta berriz esaten den moduan”. Agertu duenez, Europan “nahiz eta Estatuen barneko arazo moduan ulertu”, “oso ondo ulertzen da subiranotasuna” eta nabarmendu du “independentzia Europaren agendan” badagoela. Hala, Katalunia eta Eskoziako adibideak ipini ditu, ezagunenen artean. Euskal Herriko aldarrikapenen transmisore bezala “euskal egitura diplomatiko” baten alde egin du Urizarrek eta aldarri hori “EH Bilduk bakarrik eroango duela Europara”, “EAJk inolako interesik ez” duelako agertu. “Europan handira jokatzera goaz”, oihu horrekin bildu gura izan du koalizioko kideak berbaldia eta, azkenik, desmotibatuetara itzulita, “desmobilizazioak eskuinari indarra ematen” diola berretsi du.

 

Justizia sozialaren premia

Marian Beitialarrangoitiak hitza hartu bezain laster etxean atxilo den Josu Uribetxeberia presoa izan du gogoan, hura eredu bezala jartzeko. Desmotibatuengana ere jo du zuzenean legebiltzarkideak eta presoak, “zailtasunen gainetik”, botoa emango duela azaldu du. Bisitan joan zaio Beitialarrangoitia Uribetxeberriari, kontatu duenez,  eta ekitaldian entzuleei zer esango ote dien galdetuta, zera erantzun diola azaldu du politikariak: “Bide onetik goaz”.

Europatik “gauza txar asko gainera plaust" datozela esan du Beitialarrangoitiak baina horren aurrean “Euskal Herriko mugetatik kanpo egin den lan eskerga” jarri du. Urizarrek moduan, Beitialarrangoitiak ere “euskal estatu independente baten beharra eta aldarria Europara eramaten bakarrak” izango direla berretsi du eta gehitu du besteei “gehien izorratzen dien botoa EH Bilduren aldekoa”. Horrekin batera, eta Urizarren ildo beretik, Europara eredu berri baten bila joatean garrantzia azaldu du Beitialarrangoitiak; egungoa, “euskal herritarrok itotzen gaituen eredua” delako. Interbentzioan, Arrasaten, Uribetxebarria bakarrik ez, Fagor Etxetresnen gainbehera eta Abiadura Handiko Trenaren gaiak ere aipatu ditu “justizia sozialaren” beharra aldarrikatzeko. Hain zuzen “justizia soziala premiazkoa” dela azpimarratu du Beitilarrangoitiak eta agindu du ezkertiarrekin eta herrien eraikuntzaren alde lan egiten dutenekin egingo dutela elkarlana. “Asko dago jokoan”, esan duenez eta “hauteskunde hauek borroka gune bat” ere badirela.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak