Debagoieneko X. Trikitixa Eguna berrikuntzekin dator Arrasatera, 24an

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko mai. 14a, 10:30
Dagoeneko Trikitixa Eguneko lekukoa bailarako herri guztietatik pasa da eta aurtengo hamargarren edizioa berrikuntzekin dator. Hauek dira berrikuntza nagusiak: lekuko berria egin dute, kalejira erraldoia egingo dute eguerdian herri guztietako trikitilariak elkartuta eta Herriko Plazan artisauak izango dira panderoak edota txalapartak nola egiten dituzten erakusten.

Debagoieneko X. Trikitixa Egunak 2005. urtean lehen aldiz ospatu zenean izan zuen izaera bera mantendu nahi du: bailarako trikitixa eta pandero ikasleak motibatzea, elkarren artean ezagutzea, ondo pasatzea eta trikitixa-zaletasuna bultzatu eta handitzea da helburua, hain zuzen.

Aurtengo edizioan espero dute bailarako 200 trikitilari inguruk parte artesa ospakizun egunean eta eguerdian egingo duten bazkarian 300 lagun inguru izango direla aurreikusten dute antolatzaileek.

Hainbat berrikuntza

Dagoeneko lekukoak bailarako herri guztiak pasa ditu eta lekuko berri bat egin dute aurten. Hauxe azaldu du aurkezpenean Arrasateko Trikitixa Eskolako kide den Unai Iturriotzek: “Orain arteko lekukoa trikitixa eta panderoa uztartzen dituen egurrezko irudi-artistikoa izan da. Hemendik aurrerako lekukoak ere trikitixa eta panderoa irudikatuko ditu, baina euskarriari txertatzen zaizkion bederatzi atal ditu. Zati bakoitza trikitixa eskola bati dagokio. Lekuko berriaren zati bakoitzak trikitixaren botoia eta panderoaren txapa darama, herriaren izenarekin. Larunbatean lekukoa osorik egongo da, baina hurrengo Debagoieneko Trikitixa Eguneko antolatzailea izendatzerakoan herri bakoitzari zatietako bat emango zaio, eta hurrengo herri antolatzaileari lekukoaren euskarria emango zaio, gainera. Horrela, bere herrian Trikitixa Eguna antolatzen denean, antolatzaileak bere zatia gehitu edo txertatuko du lekukoaren euskarrian. Bailaratik bira osoa eman eta bederatzi urte barru lekukoa berriz osotasunean izango dugu”.

Beste berrikuntzetako bat izango da, eguerdian kalejira erraldoia egingo dutela Biteri plazatik Herriko Plazaraino, elkartzen diren trikitilari guztiek.
Eta horrez gain, goiz guztian zehar hiru artisau izango dira Herriko Plazan panderoak edota txalapartak nola egiten dituzten erakusten.

Egitaraua

10:30etan hamaiketakoa egingo dute eta ondoren kalejirak egingo dituzte lau gunetan:

-    Musakolan, Zuberoa plazan. Soraluze eta Oñatiko Trikitixa Eskolakoak egongo dira bertan.
-    San Andresen, Maiatzaren 1eko plazan. Aretxabaleta, Eskoriatza eta Elgetako Trikitixa Eskolak izango dira.
-    Erguinen, Usaetxe plazan. Bergara, Aramaio eta Antzuolako Trikitixa Eskolak.
-    Alde zaharrean, Herriko Plazan. Arrasateko Trikitixa Eskolakoak izango dira.

Auzo bakoitza alaitu ondoren, Arrasateko erdialdera abiatuko dira kalejiran. Zutabe guztiak Biteri plazan elkartuko dira eguerdian, eta hortik Herriko Plazaraino kalejira erraldoia egingo dute. Ondoren bakoitza nahi duen kaleetatik ibiliko da trikitixa jo eta panderoa astinduz.

Artisauei dagokienez, hauexek izango dira Herriko Plazan goiz guztian zehar:

-    Jotzen, Zeanurikoa: Txalapartak, kajoiak eta panderoak ekarriko ditu.
-    Joxe Mari Agirre, Tolosakoa: Atabalak, tanborrak eta panderoak ekarriko ditu.
-    Kike Rodriguez, Alegria-Dulantzikoa: Pandero trapezioak eta eskultura txikiak ekarriko ditu.

13:00etan Herriko Plazan trikitixa eskola guztien jaialdia egingo da. Trikitixa Eskola bakoitzak propio prestatutako pieza bat joko du oholtzan. Amaieran, hurrengo ekitaldiaren herri eta eskola antolatzailea nor izango den jakinarazi eta lekukoa banatuko da.


14:30ean Uarkapen bazkaria izango dute. Bazkarirako txartelak oraindik ere eta aste honetan zehar eskuratu daitezke trikitixa eskoletan.


18:30ean erromeria izango da Trikidantz taldearekin Herriko Plazan. Zozketa ere egingo dute bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak